Piarres Lafitteren artikulua Erdozaintziren "Euskal-kultura baten behar gorria" (Herria, 1956) artikuluari erantzunez:
"OSTOGIA" JAUNARI
Herria
Jauna, "Euskal-kultura baten behar gorriaz" igorri daukuzun artikuluak erakusten du "suhar eta kartsu" hetarik zirela, eta halako latz batekin irakurri ditugu zorigaitz-ka hasi ditutzun azken lerroak. Othoi, ez zitela hainbertzetaraino hasarra bertzen kontra; eta, dakizunaz geroz zer den egiteko, lot zaizkio zuhaur lanari: gure astekari huntan berean badukezu toki, eta segur naiz "Gure Herria" ez zaitzula hetsiko, zonbait kitzika gora-behera. Jakizu, eskualzale zaharrak ez direla, zonbaitek uste duten bezain gaitzikor.
Halere, jauna, nahi nituzke chuchendu lumatik lerratu zaizkitzun bizpahiru ahapaldi makhur.
Ororen beharra
Hasteko, ez duzu jasaiten ahal erdaraz ezar ditzaten, "Gure Herria" delakoan, eskualdungoari doazkon berriak. Ez bide dakizu gure choko huntan ez ditakela aski irakurtzale bil, eskualdun hutsen artean, gisa hortako agerkari baten bizi-arazteko: hortako bereko, erdara ez ditake osoki baztert...
Bertzalde on dugu erdaldunen ere argitzea gure zerez, hein batean ikasirik zer giren, ez dakizkioten sobera aihert gure eskual-ohidureri. Arrotzen erdian bizi behar-eta, arrotz hoik pochi bat bederen guretuz, gure eskualdun lana errechago izanen da.
"Zaharkeria"
Gero min egin dautet paper zaharrentzat izan ditutzun erdeinuzko hitzek. "Zaharkeriak" balinbazaizkitzu arbasoen berriak, eta hasten bazira fa eta fa, zaharkeria zokorat aurdiki beharrez, kasu, jauna, norbaitek ez ditzan berdin mesprecha eta zokorat igor bai eskuara, bai erlisionea bera, erranez gaztek ez dutela griñatzerik aspaldiko gauza bipiatu hoitaz. Ez dugu eskuara berechi behar gure bertze ontasun guzietarik.
Argi berrieri ez gaudela muthur
Aithortuko dugu gure ontasun guziak ez direla zaharrak. Gu ere hogoigarren mende huntan bizi gira: mende hau ere gurea da, eta ez diogu den gutiena muthur egiten.
"Herria" huntan bederen deus ez zaiku arrotz munduan gertatuetarik: leku eskasak luzaz bortchatu bagitu chuhur izaiterat, gure hegalak zabalduz geroz ageri bide da, jasta bederen emaiten diotegula irakutzaileri, gizonen gogo-bihotzak irakitarazten dituzten asmu eta berri gehienetarik; ohart ditazke eskuara aski aberats eta zalhoin dela, gauza gorenez ala barnenez mintzatzeko.
Bainan Eskual-herrian, bertze eskualdetan bezala, kasetak hein batean egon behar du: mamitsua izana gatik, irakur-errecha; jende cheheak laster nahi baitu iragan, kasik tarrapatan, hanbat jakitu gabe.
Horra zergatik, ez erdaraz, ez eskuaraz, kaseta-egileek ez dugun gure egunkari ala astekarietan filosofiarik ez jakitate hutsik aiphatzen. Agerkari bereziak mintza ditela, nahi badute, Einstein, Sartre, Jaspers eta gisa hortako biligarroez.
Kultura
"Ostogia" jauna, menturaz erranen duzu ez dugula kulturaren achola handirik. Zuk kultura jakitate berezi batzuetan emaiten duzu. Bainan kultura mota asko badira, eta denek badituzte beren alde onak.
Eskolatuena ez ditake izan jende chehearena, eta jende chehea dugu eskuararen jabe. Harentzat egiten ohi ditugu eskuarazko lan gehienak, eta gure chedetan da, hunen heinaren goratzea mailetik mailera, bainan egoki zaizkon eremu eta mugetan.
Eskolatuek nahi balute eskuarazko zerbait hazkurri, aski lukete "Eusko gogoa" deitu agerkariaren eskuratzea: han aurkituko dituzte ikerpen, itzulpen, olerki, ederti, edesti, ereserti, elerti, eta bertze zer nahi idaz lan jakintsun. Zaitegi jaun apheza da agerkari sakon eta hedatu horren asmatzale eta zuzendaria.
Zorigaitzez, mundu zabalean ez dut uste bortz ehun eskualdun badiren orotarat, agerkari hori irakurtzen ditenik. Zuhaurek hartzen duzuia, Ostogia jauna? Eta, nahiz errechagoa den, eta gauza berrieri emana, eskuratzen duzuia "Egan" Donostiakoa? Badukezu zure kulturaren ernatzeko zerbait, aiphatu bi aldizkari hoitan.
Berri on bat
Haatik, Ostogia jauna, gogoari emozu eskuarazko liburu baten egitea, ez dela lanik gaichtoena: saltzea da nekhe: erosle eskasak chahutzen gitu eta izitzen.
"Gero" salgai emanik, mendiz hunaindian ez dauzkute erosi ehun eta berrogoi ere...
Tournier jaunak eta nik agerarazi dugun "Lexique français-basque" hiztegia uste ginuen aise salduko zela; ez da biziki emeki baizik saltzen, eta Tournier jauna bortz ehun mila liberaren zorrarekin dago, chifritua, lehertua...
Horra nun den eragozpen eta traba handiena, eskuara-liburuen egilentzat.
Aski aise saltzen diren liburu bakharrak dira elizako-liburuak eta kantu liburuak. Horra egia.
Baditake ez dugun ongi antolatu edo aphailatu liburu eskuarazkoen saltzea; bainan ez da dudarik, kultura gora guti izanen dela gutartean, eroslea hain bakhan geldituren deno.
Othoi, Ostogia jauna, egitzu bi gogoeta hoitaz guzietaz, eta zorigaizka ez ar, Ortzantzaren seme baten pare!
P.L