MANEX ERDOZAINTZI

ERLIJIOSO BIZITZA EUSKAL HERRIAN

Jaunaren Deia, 64-65. zk., 1978ko urtarrila-abendua, 189 or.

Hastera goazen "Erlijioso Bizitzaren Euskal Aste" hau ez da ustegabetarik sortu. Hemen bilduak eta elkarri lotuak gertatzen garanentzat, aste hau ekintza eragingarri bat izan dadin, beharrezkoa zaigu konturatzea nondik nola asmatua eta erabakia izan den. Zeren, aste honek badu bere historia: historia laburra beharbada, baina bere-berezko indarkiarekin edo dinamikarekin.

I. ERLIJIOSO BIZITZA...

Luzaz gure erlijioso bizitza pentsatua eta ulertua izan da munduarekiko edo gizartearekiko trenkadura bat bezala. Erlijioso bizitzaren lehen pausoa zen munduari, gizarteari... uko egitea Jainkoari gure izate osoa eskaintzeko eta, gero, Jainkoaren izenean, mundu hau zerbitzatzeko gure kongregazioak edo gure Ordenak planifikatu moldeetan.

Molde hauetan balore batzu nahi ziren munduari, gizarteari helarazi eta bizierazi hala nola, besteak beste: pobretasuna, obedientzia, garbitasuna..., batez ere gure lurtar giza bizitza hau gitietsiz geroko, hil ondo edo zeruko bizitza baten fagoretan, abantailetan.

Erlijioso bizitza, azken mende hautan bereziki, Eliza beraren ikus-pentsamoldeetan orhatua eta murgildua agertzen zaigu bere eginkizun profetikoa gorderik. Eta erran dezakegu Elizak munduaz, gizarteaz zuen ikus-pentsamoldea, bere dominantea, oso pesimista zela: mundua, salbatu nahi duenarentzat, galgarria da eta, beraz, mundu honetatik urrundu behar da, ihes joan behar da... Eta, proiekzio moduan idealizatua ikusten da beste mundua, lurrekoa baino hobea bezala, ederragoa; baina, oro har, oso abstraktoa, hezen-mamirik gabea eta, gizonaren Esperantza hautsirik uzten duena.

Aita Donostiak 1919an bildu kantu batean argikara agertzen da ikus-pentsamolde pesimista honen dominazioa giristinoen kontzientzian, batez ere bigarren koblan:

Sortuz geroz guziek zor dugu hiltzia,

Deusik ez da gure munduko bizia.

Kita dezagun beraz hemengo hauzia,

garbiki eksamina gure kontzientzia.

Bertze munduyan da

gure yuztizia,

Azken sententzia,

zer oren tristia

Eternitateko penaren luzia.

(Nahi balin bagira hil eta salbatu).

Gutarik askori, beharbada, horrelako erlijioso egoeran sortu zitzaigun frailetzeko edo seroratzeko bokazioa. Nik, hasteko, aitortu behar dut horrelako egoera ezagutu dutala eta nere frantziskano bokazioa horrelako giroan luzaz bizi izan dutala. Haur eta gaztaro garaian, herriko apezak eta kolejioko maisuek irakatsi zidaten mundu hau galgarria zela, bekatu tokia, eta beste espazio bat aukeratu beharko nuela salbatua izateko. Nik ez nuen konprenitzen zergatik zen hain maite nuen ondoko espazioa hastiagarria; ez nuen konprenitzen zergatik zen bizi nuen gizartea gaixtoa eta galgarria, eta ere, zergatik salbatu behar nuen!

Baina izpiritu kritikoa atzarri ez zitzaidan, horrela moldatua eta kondizionatua atera nintzen erlijioso olatik eta frantziskano gaitua nintzela uste izan dut luzaz. Gainera, ere euskal izatearen eta izate honek zekarren herritasunaren aurka bazen ere, mundu osorako gaitua ikusten eta ulertzen nuen neure burua. Beraz, neure Anai Buruzagien eskumeneko uzten nuen neure burua non ere uste baitzuten izango zela ere beharra, hara joateko eta han lanegiteko.

Zori ona gertatu zitzaidan: Euskal Herrira bidali ninduten 1959an, hain zuzen Donapaleura. Orduan hasi nintzen Euskal Herria kurritzea, Iparraldetik Hegoalderaino, eta, herri honen desberdintasunetan, lotura bateratzaile batzu aurkitu nintuen, hala nola: hizkuntza eta historia. Emeki-emeki, neure barruan neraman euskal herritasuna hasi zitzaidan atzartzen, askatzen, indartzen... bideetan, herriz herri, egin lagun berriekin: kristau militante batzurekin, politiko batzurekin, kultura lantzaile batzurekin...

Ohartu nintzen, mundu hau, gizarte hau, bere hartan hartuz, ez zela irakatsi zidaten bezain gaixtoa eta makurra! Haatik konturatu nintzen mundu hontan, gizarte hontan, zapalduak eta zapaltzaileak bazirela, jende pobreak eta jende aberatsak, jende baztertuak eta jende handikariak, jende langileak eta jende manatzaileak... Eta ene problema larriena izan zen zein alderdi aukeratuko nuen? Zalantzarik gabe aukeratu nuen sortzean emana zitzaidan alderdia: jende langilearen alderdia, herri zapaldu honen alderdia. Konturatu ere nintzen Ebanjelioa Pobreen giza lurrean jaio zela eta pobreen giza lurraren mintzairan hitzeratu zitzaigulako. Nere fraile bizitza, kontzientzia hartze hauekin hasi nuen berpentsatzen eta berriro eraikitzen.

Iruski ez nintzen bakarrik gertatu. Garai hartakoa da Kontzilioa. Denak oroit gara nolako esperantza sortu zuen mundu zabalean: zerbait Berri On igurikatzen zuen egiten ari den gizarteak Elizaren Irakaspenetik eta Obretatik. Eliza barnean, munduko giristinoen artean, egoera berri bat abiatu zen gaurko gizartea bere hartan ulertzera lehiatzen gintuena: gizarteaz zuen ikus-pentsamoldea Elizak nahi zuen aldatu eta gaurkotu; Elizak nahi zuen ere bere misonea berpentsatu gaurko gizonei eta gizonentzat Berri Ona egokituz.

Alde batetik, Kontzilioak mundu honi, gizarte honi begi berriekin nahi izan dio behatu: mundu hau ez da bere hartan txarra edo ona, ez da bere hartan galbide bat edo zorionbide bat, salbabide bat. Baina nola ere mundu hau gizon eta emazteek, jendalde eta herrialdeek..., nola ere mundu hau hartzen, lantzen eta baliatzen duten, indibidualki eta kolektiboki, arabera bilakatzen da txarra edo ona, galbide bat edo zorionbide bat. Bestaldetik, Kontzilioak gaurko gizon guztiei, batez ere gogo oneko gizon guztiei, dei egiten zien: mundu hau, gizarte hau, beren libertate errespontsablean denen onerako har, konpreni, landu, balia eta gida zezaten. Eliza bera, arren, dinamika berri batean sartzen zen horrela: mundu barnean eta ez mundutik aparte; gizarte barnean eta ez gizarte sahetsean; egiten ari den gizarte batekin konprometitua eta ez iragan den garai bati lotua.

Elizaren dinamika hontan eta honek ireki hildotik doa erlijioso bizitzaren identitate bilaketa. Eta identitate hau ez da munduarekiko edo gizartearekiko trenkadura batean itxuratzen, finkatzen eta eraikitzen, munduarekilan eta gizartearekilan eginen ditugun lotura konprometituetan baizik. Ikuspegi hontan, erlijioso bizitza ezin daiteke izan ihesbide bat, gizarterako sarbide bat baizik, gizartea gure bizi eremutzat hartuz: hau izanen da gure bizitzaren, gure Berri Onaren gunea.

Arren beharrezkoa zaigu ikertzea gizarte berri honen barruan zer bilakatu garen, zer bilakatzen garen eta zeri buruz goatzen; beharrezkoa ere zaigu elkarrekin aztertzea eta ulertzea nolakoak diren gaurko gizon-emazteen gutiziak, asmoak, premiak, baloreak, helburuak eta bizi kondizioak; beharrezkoa zaigu elkarri erratea nor garen geure gizatasunean, gizon eta emazte bezala, nor garen geure herritasunean.

II. EUSKAL HERRIAN

Galdera hauk egiten ditugula, ezin dugu ahantzi gure herri kontestoa, ezin dugu ahantzi euskaldun garela. Euskal Herrian bizi garela. Euskaldun izate honek eta Euskal Herrian bizitze honek ematen eta emanen diote bere hezur-mamia gure gaurko erlijioso bizitzari. Kontesto hau edo egoera hau batez ere langile eta herri burrukak aldean beste markatzen eta trebeskatzen du.

Aspaldikoa da bere nortasuna eta, arren, bere izatea gordetzeko eta eragintzeko gure Euskal Herriak daraman burruka. Burruka honen historia luzea da eta oso koropilatsua. Mendeetan zehar, garai garaiko gisa eta moldean, euskaldunek agertu dute beren bizi nahia. Garai garaiko gisa eta moldean, euskaldunek jakin dute beren bizi nahi hau bideratzen nola ekonomian, nola sozialean, nola kulturan, nola politikan. Eta zibilizazioari ekarri dioten beren emaitza ez da emaitza txarra, ez da gutiestekoa ere.

Zer egin dugun eta nor izan garen historian zehar, gure Herrian eta geure Herritik kanpo? Arlo hau ez da nik gaur ikertu eta agertu behar dizuetana. Bakarrik nahi dut azpimarratu gure herri burrukaren historian sartzen dituela bere erroak gure ikastaro honek, batez ere azken hogoita hamar urte hauetako langile eta herri burrukan.

Zeren, nahita ez, gure Herriak bere identitatea bilatzeko eta zaintzeko, bere-berezko eskubideak gordetzeko eta eragintzeko daraman burrukak, bere ondorioak izan ditu haziak izan garen garaian, eta, gaur, bertan bizi dugun egoeran. Geure izate osoarekin, bertakoak senditzen gara. Geure bizi drama bertakoari lotua gertatzen zaigu. Gugan daramagun herritasun hautsia, kolpatua, ukatua eta zapaldua daramagu. Baina, geure herritasunean indarkiak kaldan eta obran daramazkigu ere. Indarki hauk Euskal Herriaren eremu batasuna bilatzen dute, gure hizkuntzaren ofizialtasuna eskatzen dute, gure herri langilearen independentzia nahi dute.

Postura honek asko galdera eginarazten digu. Batez ere galdera hauk: Nongo herri baten izenean lanean ari izanak gara geure parrokietan, geure eskoletan, geure instituzioetan, geure eliza ekintzetan? Geure hizkuntza erabiliz bazen ere, nongo kultura ereduak euskal pentsa-bizimoldeetan sartzen ari izanak gara? Geure erlijioso bizitzak nongo eta zein ideologia zekarren "Jainko Onaren" izenean, edo "Jainkoaren Erreinuaren" izenean?

Galdera hauk eta beste asko, elkarrekin eta geure beste lagunekin, geure buruari egin behar ditugu, ez kulpabilizazio sendimendua gugan emendatzeko, gugan kontzientzia berri bat sortzeko baizik; etengabeko heziketa baten bitartez, gugan kontzientzia berri hau lantzeko baizik.

"Ebanjelioari biziki loturik eta Heriarekin serioski konprometituak dauden euskal erlijiosoek osatzen dute Euskal Erlijiosoen Mugimendua" erraten dugularik, erlijioso bizitza eta gizarte bizitza bata besteari lotuak eta ezkonduak ikusten ditugu, eta ulertzen ditugu.

Geure gizartea, gaur eta hemen, bere osotasunean hartuz, Euskal Herrikoa izanki-ta, lotura hontatik exijentzia berriak sortzen zaizkigu, batez ere elkarrekin ikertzea nolako ideologiak eta nolako eklesiologiak mamitzen gaituen, erabiltzen gaituen, bultzatzen gaituen geure motiboetan, geure ekintza pertsonaletan, geure obra instituzionaletan... Ikerketa honi lotua, beste exijentzia hau ere datorkigu: bizi garen Herriko arazoetaz gure erlijioso komunitateak kezkarazi eta jabearazi euskalduntzeko bideak irekiz...

Horrelako saila gutarteko fraile eta serora batzuk abiatu zuten duela zenbait urte. Jadanik beren erlijioso bizitza geure herriarekin konprometitua zeramaten. Bere erlijioso bizitza gure herri honen burrukan arriskatua zuten eta arriskatzen zuten. Beren muga instituzionalak gainditzen zituzten, ez kontrebandan, baina herritarrekiko harremanen indarkiaz, militanteen azterketa lanetan eta ekintzetan esku hartuz.

Batzu, erlijioso bizitza ez zitzaielako errenahi bizi bat edo erlijioso bizitza traba gertatzen zitzaielako, klase eta herri burrukan leporaino sartu ziren... Beste batzuk senditu zuten, eta asmatu zuten bide berriak ireki behar zitzaizkiola erlijioso bizitzari Euskal-Herrian. Eta sinetsi zuten posible izango zela.

Egoera hontan antolatua izan zen, 1972an, Loiolako lehen Biltzarrea.

Ordu beretik orduko antolatzaileek Biltzarre hau pentsatu zuten Euskal Herri guziko, Iparraldea barne, Fraile eta Serora mota guziontzat. Hor jadanik agertzen da izpiritu eta jokaera berri bat: gutarteko eta kongregazioen arteko berezitasunak eta diferentziak ukatu gabe, elkarrekiko zer asko bagenuen elkarrekin aipatzekoa, elkarrekin aztertzeko eta barnatzekoa. Bestalde, Euskal Herriko Eliza Diozesei gertatzen zitzaiena gertatzen zitzaigun, hau da: Nola kontuan eta beregain egiten du Elizak Euskal Herri honen herri izan nahia? Nola kontua eta beregain egiten du Elizak Euskal Herri langile honen burruka behartua? Nola Elizak esku hartzen du euskaldun izan eta iraun nahi duen gizarte honen indarki mugimenduetan?

Sakondu. Barnatu

Loiolan hasi ginen biltzen herriak Elizari egiten ziozkan galdera hauk gugan senditzen genituelako ere: herriaren galderak gureak ziren-eta. Loiolako Biltzarreak izan dira, guretzat bezala beste fraile eta serora askorentzat, konzientzia berritze lan bat lehenik. Urte batetik bestera horko biltzarretan formulatu diren galderek, hitzeratu diren asmoek, eta trazatu diren helburuek gugan moldatu dute ikus-pentsamolde berri bat: jadanik erran dizuetan bezala, erlijioso bizitza herri konkretu hontan hezur mamitua nahi dugu; eta hezur-mamitze hau bere dimentsio osorako Ebanjeliotik atera ditzazkegun baloreekin hazia eta indartua nahi dugu.

Urte batetik bestera Loiolako Biltzarretan formulatu asmoak eta trazatu diren helburuak hezur-mamitu behar zuten ere ekintza batzutan. Joan den urteko Biltzarre nagusitik horrela atera zen:

Euskal Erlijiosoen Mugimendua bere helburu finkatuekin:

- Euskal Erlijioso izan

- Euskal Erlijiosoak euskaldundu

- Euskaldunei erlijioso bide berriak urratu

Loiolako Biltzarreko inguruan eta, ondorio bezala, aipa dezagun bestalde ere:

- Euskal Herriko Probintzialen Batzarrea

eta

- Euskal Teologoen Institutoa datorren urrian Bilbon irekiko dena.

BUKAERA

Ikastaro hau denen ekintza izanen da.

Hemen garen fraile serorak elkartuko gaituen ekintza, elkar konprometituko gaituen ekintza bat. Baina, ere ekintza hau izanen da gugan daramagun Euskal Herriarekin elkartuagotuko gaituen ekintza bat, konprometituagotuko gatuen ekintza bat. Erran behar dut, arren, eginak izanen diren hitzaldiak ekintza honen argigarri izanen direla xoilki, ekintza honen argigarri, baina denok gara elkarren lagungarri, elkarren argi, elkarren ebanjelizatzaile geure herriaren aurrean eta geure herria lekuko. Eta erlijioso bizitzaren orokortasunak ez du galtzerik izanen, zeren geure herri ukatu eta zapalduaren bitartez munduko pobreak, gaurko pobreak, gaurko jende eta herri ukatuak, xurgatuak eta zapalduak beren justizia buru har, beren bizi nahi burrukan, beren giza burrukan juntatuko baititugu.

Donostia, 1978-8-28

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons