HERRIA ETA ELIZA
Fedegintza, 1. zenb., 1975eko abuztua
Herria eta Eliza ez ditugu bat bestean nahasten edo bat bestearen kontra jartzen, ez eta ere bat besteagandik bereizten. Herria eta Eliza bat besteari lotuak gertatzen zaizkigu: sortu gaituen Herria bere kultura guziarekin gugan daramagulakotz; giristinotu gaituen Eliza Jesu Kristoren Fede guziarekin gure bizitze osoari zentzu eta zimendu ematen digulakotz.
Herritasunak dakarzki eginbehar batzuk, batez ere Herria, gure honen kasuan bezala, zapaldua delarik politika eta kultura aldetik, xurgatua ekonomia aldetik, mespretxatua sozial aldetik. Eginbehar hauetaz kontzientzia hartze bat sortu da Euskal herri osoan, bainan nolako trabak ez bide ditu aurkitzen obretan finkatua izateko. Kanpoko Estaduetatik heldu zaizkionak eta Herrian bertakoek muntatzen dituztenak: batzu besteen interesen bazka-leku bilakatu da gure Herria. Gure Herriaren historiari begi ukaldi bat ematean, ohartzen gara jakin izan duala, mendeetan zehar orain arte, bere ontasunak zaintzen eta bere nortasunean irauten (Besteak beste, irakur Les Pyrénées - De la montagne à l'homme; Privat Editoriala, Tolosa, 1974). Mende hontan hasi behartu zaion burrukaldia da segurrenik, eraman izan dituenetan garratzena, gogorrena, luzeena: hil edo bizi alternatiba hertsian sekula ez bezala tinkatua gertatzen zaigu. Asko aldetatik eta asko moldetarat gure Herriak erakusten digu aurkitu eragozpenak bentzutzeko kalapioa. Daraman burrukak erraten digu iraun bezenbat bizi nahi duela gure Herriak: bere erraietatik jalgi militanteak ari dira ala politikan, ala ekonomian, ala sozialean, ala kulturan Herri bat eraikitzen eta eragintzen.
Gainera, beste nihon ez bezala, gure Herriko problemak handiak dira; besteak beste, ekonomia aldetik: industrigintza sartzea Iparraldean (PARTZUER elkartea honi buruz ari da lanean), azkartzea Alaban eta Nafarroan, gaurkotzea edo modernizatzea Bizkaian eta Gipuzkoan (ikus eta irakur SIADECOk bururatu lana; Goiherri Bailara INDUSTRIGINTZA BIDEAN, Gero Editoriala, Bilbao, 1974); laborantza ttipiari eta kabale hazkuntzari kondizione hobeagoak segurtatzea; arrantza bere ateka txarretik ateratzea; irakaskuntza emendatzea eta irakasleen ofizioa defendiatzea (Ikus: "Laborari zindikaten biltzar haundia" Herria 1975eko apirilaren 3koa; "Laborantzako Eskola Hazparnen" Herria 1975ko apirilaren 10ekoa). Zeren, hemengo jendeak, bestetakoak bezala, egunero jan eta edan behar du, bere haurrak altxatu eta eskolatu nahi ditu, ahalaz bere Herrian plantatzen ikusi nahi ditu. Hemengo jendeari, bestetakoari bezala, doi bat aijeria eta bizitzeko goxotasuna beharrezkoa zaio kantuz eta dantzan biziaren pilpira lagunekin senditzeko. Beti burrukan ari dena, leher eta zapart eginik, fite higatzen da eta kraskatzen: xahu da orduan Herria, xahu irria, xahu Bizia. Bainan Biziak ez du erabaki Euskal Herritik ihes joatea!
Holatsu delakotz gure Herria eta holako kenkan delarik, ez da harritzeko herrikide kontzientzia hartze honek gure kristau Fedea bere usaiako agermoldeetan harrotzea. Beste giro batean eta beste historia aldi bat ezagutu dugunek, aladere usatuak ginen batez ere Elizako urrats bereizi batzuten, -hala nola: barur egunak, igandetako meza-bezperak, sakramenduak, goiz-arratsetako otoitzak, elizaren doktrina jakitea-, gure Fedea agertzen. Ekintza haueri beren fede balioa ez zaiote kendu behar, bainan onartu behar da ere gure Fede guzia ez dutela betetzen eta agertzen. Gaurko historia aldi honen garrantziak eta Elizaren irakaspen berrituak eskatzen digu, ohiko urratsetarik gainera, edo bestalde, urrats konprometigarriak pausatzea. Ez da, ez, gure Fedearentzat historia aldi hau, gure Herriaren burrukaldi hau, pausatzeko sasoina! Eta hau konprenitzekoa da, konprenitu behar dadukagu: Fedeak aldian aldiko ekintzak obratu behar ditu sinesgarri izateko, aldian aldiko agermoldeak asmatu behar ditu, aldian aldiko giza galdeak eta problemak sakonki aztertu behar ditu. Fedea, aldian aldiko bere eginbideeri iheska abiatzen delarik, galtzen da gizarte berri bat sortzen den guneetarik urrun. Gure Herriaren kasuan, jokaerak eta ibilerak aldatu edo aldatzear baldin badira, giza baloreak ez dira azpiz-gora bota: herria eskatzea, jende langilearentzat bere zuzena ardiestea, deneri kultura bideak irekitzea, elkargoa finkatzea... sekula ez bezala nabari da gaurko Euskal Herrian. Ez ahal du Fedeak erabakiren Euskal Herri hontatik ihes joatea!
Gogoratzen zaigu Lukek idatzi Ebanjelioaren pasaia hau. Jesusek egiten zituen obra guzien berri ekarri zioten behin Joanesi (Bataiatzailea) bere dizipuluek. "Joanesek bi dizipulueri dei egin-eta, igorri zituen Jesusi galdatzerat: "Zu ote zira etortzekoa dena, ala beste baten beha egon behar dugu?". Gizon haiek Jesusen gana hurbildu-ta erran zioten: "Joanes Bataiatzaileak igorri gaitu zure gana, erranez: Zu ote zira etortzekoa dena, ala beste baten beha egon behar dugu?" Ordu berean, Jesusek asko sendatu zituen beren gaitz, eritasun eta debruetarik, eta itsu askori eman zioten argia. Jesusek ihardetsu ziotan: "Zoazte eta erran Joanesi ikusi eta entzun duzuena. Itsuek ikusten dute, mainguak badabiltza, lepradunak garbi gelditzen dira, elkorrek entzuten dute, hilak pizten dira eta behartsueri Berri Ona predikatzen zaiote. Eta dohatsu, erorbide izanen ez nitzaiona" (Lk 7,19-23).
Arren Euskal-Herri eta Eliza berri bat sor daitezke elkarrekin.
Manex ERDOZAINCY