MANEX ERDOZAINTZI

HELDUEN KATEKESIA

Herria, 1285. zenb., 1975ko martxoa
Fedegintza, 1.zenb., 1975ko ekaina, 7-9. orr.

Duela zenbait hilabete Ezkila Editorialak argitaratu digu: Jesu Kristoren Berri Ona (1974). Lau Ebanjelioak eta Apostoluen Ekintzak deritzan liburua dakarzki. Ohituak gara Ebanjelioak eta Apostoluen Ekintzak gure eliz-liturgian behatzerat eta ausnartzerat, gutiago Apostoluen Ekintzak ematen dizkigun berri eta gertakari pizgarriak. Nola familia bat biltzen den otoitz egiteko, bereziki arratsetan...; nola gero-ta-gehiago giristinoak talde ttipietan elkarretaratzen diren beren eguneroko bizitza eta burrukak elkarrekin aipatzeko, elkarrekin heien funtsa ikertzeko eta finkatzeko...: nola ere ainitzek beren Fedea bere gaurkotasunean zelebratu nahi duten...: JESU KRISTOREN BERRI ONA hor bide dute Esperantza eragile baten lekuko.

Bainan, aski ongi ulertuak izateko eta nihork ez ditzan bere ikusmolde hertsian bestenganik gorde, lau Ebanjelioak eta Apostoluen Ekintzak dakarzkien liburuak eskatzen dute beren sorreran, beren idatz-moldeetan, darabilaten teologietan aztertuak izatea. Eta ez uste izan aztergintzak Berri Onari bere indarra, bere bizitasuna kentzen dionik, izaitekotz libratzen diozka gaurko giristinoak bere xenderak ireki ditzan.

Zeren, gaurko historia giroan bizi garenok, batez ere beregaintasuna ardietsi nahi duen Euskal Herri honen burrukan hartuak garenok, nola ez gara behartuak gure kristau Fedea gugan zuzpertzerat. Politika jokaera ainitz direla (E.T.A., H.A.S., eta beste...); ekonomia sektora desberdinak direla (industrigintza, laborantza, arrantza, artzaingoa, eta beste...); kultura mugimendu berriak obretan finkatzear direla (ikastolak, editorialak, kasetak eta errebistak, teatroa, kantaldiak, udako euskal Unibertsitatea, eta beste...): orotarik ezagun da gure Herri honen bizi eta iraun nahia; orotan ere hurrupa daiteke burrukan ari den Herri honen izerdia. Eta burrukaren gune guzietan, batez ere beroenetan, aurki daitezke giristinoak: Fedean nahi dute finkatu burruka honen funtsa.

Idazti Sainduak ikertzean eta barnatzean, ez goatzi, beraz, ihesbide bila; burruka hontatik baztertzeko; burruka hau epeltzeko edo berdin, zerbait gisaz, burruka honen balioa ukatzeko. Zeren, burruka honek, zuzenki eramana den neurrian, badu berez bere zentzua: ez du ezer kanpotik hartzerik. Giristinoak, beretzat eta bere Fedean, hedadura osoago bat eman nahi dio Jesu Kristoren Heriotze-Piztearen dinamikan bilduz.

Horra nola burruka honen beroan izerditzen garenok, gure duda-mudak argitzeagatik eta gure kristau Fedea indartzeagatik, HELDUEN KATEKESIA lantzea erabaki dugun "FEDEDUNAK" Elkargoan. Beneditanoen etxean, Beloken, urtarrilaren 19an. Hasi gara Apostoluen Ekintzak  liburua aztertzen.

Nahi ginituzke horrelako beste egun batzuk muntatu. Nor edo nor interesatua balitz, bere izen-adrezak emanez, izkiria dezala zuzenbide hontarat:

FEDEDUNAK 11, Jacques Lafitte karrika 64100 BAIONA

[Hemendik aurrerako zatia Fedegintzan agertu zen soilik]

 

APOSTOLUEN EKINTZA liburuaren atarian

Solas hauk gure egungo laneri sarrera bat baizik ez dute nahi izan. Nola ere gure kristau fedea nahi dugu argituago eta azkarrago gure gaurko Herrian daramagun bizitzea sustatzeko (ikus Mt 7, 24-26) guzientzat probetxugarri zaitekeela iduritu zaigu Apostoluen Ekintzak liburutik bi zati eskaintzea, hauien inguruan ikerketa bat egiteko Elizaren hastapenaz eta lehen kristauen elkarren arteko bizitzeaz.

Lehenik, testo hauk elkarrekin aztertu eta barnatu aintzin, argitasun zerbait, larri-larria, Apostoluen Ekintzak-ei buruz.

Apostoluen ekintzak hirugarren Ebanjelioaren segida bezala onartua da. Egileak berak, liburuaren hatsarrean, dio lehen liburu bat egin duela "Jesusek egin eta erakutsi dituen guziez, hastetik eta zerurat altxatua izan zen eguneraino" (AE 1,1). Gainera, hizkuntza bertsua (hiztegia, gramatika, idazmoldea) ezagun da bi liburuetan.

Elizaren tradizioak egile hau Luk zela uste izan du. Bildu ahal izan diren bigarren mendeko Elizaren dokumentu bakarrek diote autore hau Apostoluen gizaldietako giristinoetarik daitekeela: edo Judu helenizatu bat, edo, hobeki, Greko bat. Hasteko ezagun da jende ikasi bat dela, Judutiarren gauzak ongi ezagutzen dituela, Biblia errotik ezagutzen duela, medikuntzan ere askitto ohartua dela eta liburu hunen bigarren partean ageri den bezala, Pauloren bideko lagunetarik bat dela. Liburu hau Lukek nun idatzi zuen? ez dakigu xuxen; eta noiz? Askoren arabera, 70 inguru hortan.

Hasteko, jakin du informazioak ximenki biltzen: Jerusalemeko kristau lehen Elizakoak, Apostolu batzuen harat-hunatak eta obrak, hala nola Petrirenak (9,32; 11, 18; 12) eta Filipenak (21,8). Biziki ongi ezagutzen duela Antiokiako Eliza ageri da emaiten dituen xehetasunetarik. Hiruetan kondatzen du Pauloren konbertzioa, berarenganik jakina segurrenik. Liburuaren bigarren partean, 15 kapitulutik haste, Lukek polliki baliatzen ditu Paulorekin egin bidaietan hartu dituen notak. Informazio material hau nola ez du organizatzen, baliatzen, kondaira xuxen bezain arina idazteko.

Eta mamiari gagozkiola: zer xede aurki dezakegu Luk baitan liburu hau idazteko? Frango interesgarria da Elizaren hastapenen kondaira oso bat idatzi izan nahi. Erran nahi dut ez dela arras historiogile bat bezala plantatu, bildu informazio material guzia bere liburuan pasarazteko: ala ezagutzen zuken lehen Elizen sorrera, heien eguneroko bizimoldea, gora beherak, eztabaiak, tradizioak zehazki aipatzeko; ala Apostolu guziak non zer bilakatu ziren eta nolako eragina edo influentzia izan zuten jakinarazteko; ala oraino nolakoa zen urte haietan, historia jeneralaren kontestoa adiarazteko, eta holako... .

Ohartuz nolako tokia emaiten dion Paulori bere liburuan, batzuk uste ukan dute Lukek, apologia gisan, Pauloren defentsa bat nahi izan duela agertu Erromako buruzagieri sinestarazteko Paulo ez zela deusetan hobendun. Ikusmolde honek ez omen du kanore handirik. Haatik ageri da, bereziki liburuaren azken kapituluetan, Lukek garbiki erakutsi izan nahi duela nolako kontrarioak atera zitzaizkon ondarrean Paulori Jerusalemeko judu kartsuen artetik, eta hauk zenbat atrebitu ziren Paulo hil edo arrunt itzalarazi beharrez, haren lana eta predikuntza beren erlijionearentzat zinez kantegarri iduritzen zitzaizkiotelakotz.

Mogimendu baten xedea eta helburua ongi jakiteko, biziki interesantak iduritzen zaizkit holako kontrarioak, zoin alderditakoak eta nolako eztabaiak sortzen dituen kontuan hartzea: horrelako azterketa batek baititu hobekienik agerian ematen mogimenduen arteko diferentziak helburuetan, jokabideetan, bizimoldean.

Ikusmolde honi jarraikiz, "Apostoluen Ekintzak" liburua, iduritzen zaut oroz gainetik mugimendu baten lekuko bat bezala behar dela ikusi: Jesusek bere Apostoluekin erlijione mugimendu berri bat sortzen du Judio populuaren barnean eta barnetik; mugimendu honek Jainkoak bere Izrael populuari egin agintzak Kristo baitan obratuak direla aitortzen du eta agintza hauien araberako bizi molde bat sortzen; Moisen legea ez da gehiago izanen bizi molde horren erreferenzia eta jujea, ez eta ere Tenploa Jainkoa aurkitzeko gune egokia, bainan Jesus Nazaretarra, honek baitu bere bizitze osoan eta osoaz, batez ere bere heriotze-piztean, Legea gainditzen, Jainkoaren eta gizonen arteko lotura gunea jende eta gizaki guzieri heltzen (Irakur Exteberen mintzaldia AE 7,1-53); Jesus baitan, eta norberak nahi duen neurrian, jende eta gizaki guzieri emana da libratua eta salbatua zaitea, bainan emaitza hau proposamendu bat bezala irekia da, norberari, bere libertatean, ekintza libratzaile eta salbatzaile gerta dakion.

Jesus joan eta gero hasten da Apostoluen aldia. Zintzoki Lukek lotzen du Apostoluen Ekintzak liburuaren hastapena bere ebanjelioaren finitzeari edo urentzeari: hemen erraten du, bere Apostolueri lehen aldikotz agertzean, nola Jesusek adimendua ireki zioten liburu Sainduak konprenitzeko: "Hola ixkiriatua da Jesusek pairauko zuela, hirugarren egunean hiletarik piztuko, bai et bihotz berritzea predikatua izanen zela bekatuen barkemendurako, jendalde guzieri, Jerusalemetik haste. Zuek zirezte auza horien lekuko; nik aldiz igorriko dut zuen gainerat ene Aitak agindu dautzuena. Zeudezte beraz zuek hirian, goiko indarraz jautziak izan arte". (Luk 24, 45-49)

Apostoluak eta dizipuluak Jesusi jarraiki baziren, parte ustez-eta, Erromano okupatzaileak kasatu eta, Erregegoa Izraelen berriz altxatuko zuela, (AE 1, 7-8) amets hortan ez segitzeko, Lukek, liburu hunen hastapenean, argi eta garbi finkatzen du Jesusek beretzat eta bere Apostoluentzat bilatzen duen helburua: "Ez da zueri jakitea Aitak bere boterean hautatuak dituen aldiak eta orduak. Bainan hartuko duzue zuen gainerat etorriko den Izpiritu Sainduaren indarra. Eta ene lekuko izanen zirezte Jerusalemen, Judea guzian eta Zamarian, eta lurraren azken mugetaraino" (AE 1,7-8).

Bainan, ez da ahantzi behar, liburu hau idazten duen denboran, Lukek ordukotz Kristautasunaren berri ongi dakiela, bereziki sortu eta eraiki diren Elizen esperientzien berri, Eliza hauietan kristau bizitzak asmatu teologien berri (hor ditugu lau ebanjelioak lekuko) Eliza desberdin hauek elgarren artean izan dituzten eztabaiden berri. Badaki ere ordukotz kristautasunaren hedatzea ez dela problemarik gabe egin; problema hauetan larrienetarik bat izan dela Judiotiarretarik "pagano" deitu herrialde eta gizakietarat "Berri Ona" heltzea. Zoin xuxen eta ximenki ez dizkigu emaiten problema honen gora beherak eta eztabaidak, dizkuzioak... eta Jerusalemeko batzarre nagusian hartu ziren erabakiak (E 15, 3-5); nolako bizitasunarekin ez digu sendiarazten problema honen berotasuna bereziki Judu zenbait elkar hitzartzen zirelarik zin eginez "ez zutela deus ere janen ez edanen Paulori bizia kendu arte" (AE 23, 12: ikus ere 23, 24, 25 eta 26-ren kapituluak beren osoan).

Hots liburu guzian, Mendekostetik haste, Paulo presoner Erroman aurkitu arte, Lukek segitzen duen xedeak izan behar du erakustea Jesusen hitza obratzen ari, eremuz eremu, populuz populu: "Ene lekuko izanen zirezte...".

Ber denboran, Apostoluen Ekintza hauek biltzen duen aldia, beraz Apostoluen aldi hau, Lukek lotzen du Jesusen aldiari: aldi hau beita Testament Zaharreko agintzen obratzea, eta, beraz, Salbamenduaren historiaren zentroa. Apostoluen aldiak segitzen dio Jesusen aldiari, honen Profeten aldia segitzen duen bezain segur. Eta Elizaren historiak Jesusen historiari bere hedadura osoa ematen dio Apostoluen lekukotasunari esker, lekukotasun hau dela kristau Fedearen zimendu: horrela, lekuko hauien bitartez, Fededunak, beti eta non nahi, aurkitzen eta juntatzen ahal du Salbamendua bere betean biltzen duen historia aldia.

Agian Apostoluen Ekintzak dakarren lekukotasunean zehar elkarrekin ibiltzeak agerraraziko digu fede eragile bate indarra. Eta ez dut uste Fede honek gure herritasun eginkizunetarik baztertuko gaituela, gure erresponsabilitateen jabe finkatuko baizik.

 

 

 

 

 

 

 

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons