EZKURRA-JUTSI
Herria, 1270. zenb., 1974ko abendua
Hazilaren 24a: igande asterian jakin ginikan Aita Santos BELOQUIk bere aita galdu zuela, EZKURRAn.
Ez Espainiako, ez Frantziako radio-telebistek holako berria ez die hedatu, Karlos BELOQUI ez baitzen ez errege, ez printze, ez eta ere jeneral famatu bat! Bainan bakarrik eta guziz, herri langile batetako bolanjerra. Bainan bakarrik eta guziz, herri pobre batetako jende xume bat.
Bere biziko lagunarekin hazi eta altxatu dituen zazpi seme-alabeeri utzi diek Nafarroako mendien indarra, Euskal Herri hezgaitz honen burruka, askatasunaren gostua. Bere haurreri, bere herriari... utzi diek bizi nahiaren pilpira beroa. Bere haurrek eta herriak... eraman die, Elizan gaindi, pausa lekurat, hil-herrietarat. Eraman die, nigarrez eta kantuz. Otoitz eginez eta polliki kukutu die gure lur bero honen ohantzean: hil-herrietan. Fedearen mintzaeran, Biziak irauten duela elgarri aitortu zitean berriz ere. Hazilaren 25 zukan: Larrazkeneko astelehen arratsalde busti bat!
Hamargarren urtea, Aita Santos BELOQUI, frantsiskanoa, Iparralde hontarat etorria dela. Lehenik ainitz herri kurritu ditik, mixionest bezala. Orai, Domintxineko Frantsiskano Anaitasuna eraikiz eta Donapaleuko Frantsiskanoekin bat, Ostibarreko apez ekipoan (Jutsin) eta "Fededunak" mugimenduan, daramak bere saila, Euskal Herri guziko gizonaren biziaz griñatua eta hartua. Berari, bere amari, bere haurride eta ahaide guzieri, gure atxikimendua, gure leialtasuna, gure otoitza.
M. E-E.