MANEX ERDOZAINTZI

EKAINAK 21 PARISEN

Anaitasuna, 159. zenb., 1973ko abuztuak 31, 4. or.

Ordre Nouveau mugimendu eskuindar eta erreakzionarioak meeting bat egin du "Mutualité" biltokian, Parisen, ekainaren 21ean.

Gaia zuen atzerritik etorri langileria, behar diren baimenik gabe ahal nolaka Frantzian sartua. Aitzaki hobeagorik ezin zezakeen aurki mugimendu honek, bere ideiak, xedeak eta jokaera agertzeko.

1968ko maiatzean gogor ibili zen asko tokitan, batez ere Parisen eta Tolosan, kontestazio indarrak hautsi nahiz. Baina gaizki ateratu ere bere helburuetan.

Geroztik, bere komandoak emendatu eta berritu egin ditu, jende informatu askok diotenez, Estatuaren itzalean. Nola problema korapilotsua dakarkion Estatuari kanpotik etorri langileriak, Ordre Nouveauk uste izan du, bere omena goratzeko eta jende xehea biltzeko parada ona zukeela, imigrazioa aitzaki, nazio batasuna arriskuan zela salatuz. Populuari sala, eta populua dei, bazterrak ordrean ezartzera, behar balitz indarraz baliatuz!

Eskuindarrak salbu, beste alderdi politikoak, batez ere ezkertiarrak, ados dira aitortzeko, probokazio bat nahi izan diela Ordre Nouveauk botatu sozial indar berriei. Meetinga egin zen bezperan hain zuzen, kazeten bidez, desafio hau bota zien ezker iraultzaileei: "Merezi duten joa izanen dute beren espantuek." 1971n bezala, Kirol Palazioan, ezkertiarrak heziak izanen dira eta tinkatuak. Aholkatzen ditugu, hitzen mailan egon daitezen".

Probokazio honi ihardukitzeko, La ligue Communiste mugimendua da bakarrik sartu burrukan. Bere printzipioei jarraikitzeko, ezin zezakeen bestela egin: holako meeting bat uzten bazen egitera, Ordre Nouveauk dakarren faxismoa, arrazakeria onartzea zatekeen. Denek ba dakite zer gertatu den gero, bi alderdi etsaien artean; batez ere nola poliziak gogor jokatu duen ezkertiarren kontra, bere baitan gaur dadukan krisia ezin duela gorde. Gobernamendua gertakari hauetaz baliatu da, bi mugimenduak debekatzeko. Bizkitartean, askoren ustekeria da, ea Barneko Ministruak ez ote duen berak gertakaria bere xedeen arabera akulatu, azpitik baina ongi kalkulatuz, La Ligue Communiste ofizialki suntsitzeko.

Dena den, kanpotik behatuz, errax da ohartzea zein aldetara jotzen duen Frantziako gaurko Gobernamenduak: Ordre Nouveau debekatuz, ez du deus galtzen; aldiz, "anti-casseurs" legea estakuru, Komunist Liga suntsituz, ezkertiarrei nahi ukan die ukaldi gaitza eman. Ez da dudarik, ezkertiar alderdiek bortizki senditu dute. Orain, haatik, ezkertiar guztiek hobeki dakikete, ukaldiak ez direla eskuin alde emanak izanen, eta beren bereizkuntzak gainditurik, hobeki elkar tinkatu beharko dutela, beren helburuak lortzeko.

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons