MANEX ERDOZAINTZI

ELIZARIK BEHAR OTE DUGU

Anaitasuna, 233. zenb., 1972ko apirilaren 30a, 11. or.

Gizarte honetako ereduak eta eraikidurak bestelakatu behar direla eta, kristau ekintzaileak atrebitu dira klaseen burrukan sartzerat. Fedeak bultzaturik eta talde sozialen azterketa funtsezko baten ondotik, hautua egiten dute zapalduen alde: izan ere, fedeak beti ekartzen gaitu gizarte gunerat, asko gisatarat alienatuak direnen gunerat. Horrela, han eta hemen, kristau taldeak sortu eta ugaritzer dira. Ohartu bide dira laster, eliza ofizialak jartzen dizkien traba eta eragozpenez: erreformismo aldetik jokatzen duela, iraultza eragin behar litzatekeelarik. Eta galdera hauk sortu zaizkie: Elizarik behar ote da? Baietzean, nolako Eliza?

Galdera hauen inguruan eta funtsetik, Boquen-eko batasunak biltzarre bat apailatzen du Rennes-en (Frantzian), apirilaren 29tik maiatzaren 1erarte. Deituak dira oinarriko komunitate kritikoetan eta talde informaletan barne diren kristau ekintzaileak, gizarte honetan ebanjelio biziera berri batez axolatuak diren guztiak. Biltzarrearen xedea da: esperientzia diferenteak ezagutaraztea eta konfrontatzea; taldeka, elkar hizketaz, puntu batzuk aztertzea, hala nola:

- Nolako fedea aitor dezakegu gizonen artean?

- Nolako eretan fedea gaur ager dezakegu?

- Zertarat fedeak behartzen gaitu, batez ere politika zeretan?

- Nolako kristau elkarretaratzeak asma ditzakegu, beharrordu berriei ihardukitzeko?

Oso galdera premiatsuak, alferkeriaz edo ezaxolkeriaz bazterrerat ezin utz ditzakegunak. Euskal Herriko kristau ekintzaileok ezagutzen dugu, guk ere, galdera hauen ikertzeko eta argitzeko premia, euskal gizarte hobeago eta zuzenago bat nahi baldin badugu bederen.

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons