IPAR EUSKAL HERRIA
Herria, 1970ko martxoa
Elgar, 1970ko apirila
1956an frantxixkano talde batek Jakin agerkaria asmatu zuen. Lehen urteetan teologia eta filosofia jardunak argitaratzen zituen. Gero, taldea emendatuz zoala ala frantxixkano gazteago batzuekin ala laikoekin, kulturari ere ideki zuten beren agerkaria, laster gure Herriaren ala politika, ala ekonomia, ala soziala gaien barnatzeko, aztertzeko eta, ahalaz, bide berrien urratzeko. Batez ere eskuararen batasunari buruz talde hau funski lotu zen duela zonbait urte eta idazle guziak elgarrekin hitzartu oinarrietarik jarraiki. Bere agerkaritik bestalde, liburu andana bat argitaratu zuen, hala nola: Europa, Filosofiaren kondaira I, "Elorri" Bitoriano Gandiaga'ren olerkiak...
Nik uste, egin den lanik onena eta iraunkorrena izan da, Jakinlarientzat bederen, Euskal-Herri'ko muga suerte guzien emeki-emeki ahanztea, gure Herriaren nortasun osoari ohartzeko eta haren eragintzeari lotzeko. Urteak joan dira, eta zerbait mogitu eta erreberritu dela Euskal-Herria'n, nehork ez dezake uka. Aro edo giro berri bat sortu da, eskualdungoaren erroak barnagotu dira, eta, ez da dudarik, ustegabean Eskualdun zirenak hautu bateko Eskualdunak bilakatzen ari dira.
Jakin errebixta eran agertzea Madrile'ko gobernuak duela zazpi hilabete debekatu zuen. Horra zertarako joan den urteko azken numeroa ez zen agertu. Bainan erabaki hori beste moldez inguratuz, liburu gisa jalgi zauku numero hori: Ipar Euskal Herria tituluarekin.
Artikulu parrasta bat ba dauka, guziak oso jakingarriak, bereziki biga ekonomiari buruz: "Gure ekonomiaren hiru pondu", Ramuntxo CAMBLONG; "Gure laborantzaz edo nekazaritzaz", Jean Louis DAVANT. Artikulu hautan bildu xehetasunak, aztertu problemak eta aipatu zer egin beharrak, balia litazke helburu berari nola joka hobeki ikusteko eta lehiatzeko. Funtsezko istudio eskasez, askotan ez dakigu nola berma eta norekin. Iduritzen zaut gure Herrian bizitzekotz, elgar hobeki lagundu behar ginukeela eta, beraz, tai gabe, batasun haundi bat moldatzeari lehiatu, eta ez multxoka guhaun ber segitu. Multxokatzea da Herri baten porroskatzea eta suntsitzea: gure EUSKAL HERRIA'k ez ahal du holakorik merexi!
M. ERDOZAINCY-ETXHART