KRONIKAK
"EGUNEAN EGUNEKO BORROKA" (Saiakera)
Jakin, 33. zenb., 1968, 37-43. or.
Atzo bezala, egun, gizona kezkatua dabila bere askatasuna ardietsi nahiz. Egunetik egunera, bere baitatik ateratu argi izpiak barnago sartzerat hertsatzen baitu. Udako gau epelean, izarreri begira, gorago dabila pentsaketa. Gauak iraun baleza, atseden har lezake, ordu hoitan baitu ardurenik bake xorta xurgatzen: bainan gaua beti laburregi gertatu zaio! eta, argia hastean, gizarte barnerat, plazalat jausten da.
Hor gaindi, odola bero zainetan, bizi nahiak derabila beharrik, batzuetan ezin hezizko barne olde batek bultatua. Bizia gozatu nahiz ala uste gabean, herioari iheska? Bat eta bertzea berdin! Aladere, bere barneko mogimenduez xehetasun guti daki. Itxuren arabera biziaren alde jokatzen da: hala dio bederen, eta beharba arrazoin duke.
Bainan, gaurko gizartean, askatasunerako xendera ez zaio baitezpada ordoki! Atzo ez bezala, gizonen arteko mailak gizartean agertu zaizkigu: handi eta ttipi, aberats eta behardun, ausarkian direnak eta goseak pirutzen dituenak... Xuhurki bizitzekorik ere ez ainitzek, bertzek behargabe hoinbertze enpoiltzen dutelarik! Gainerat, bere lur pozia nork ez ote du zaindu nahi? Nor ez ote da lehiatzen aintzinagokoenganik hartu ontasuna emendatzerat? Puxantak eta aseak, nekatu gabe, patxadan bizi dirade! Gaurko gizartean iruzkia alde gertatu zaiote eta haizea epel: itzala gozatzen duenak ez daki borrokalariaren berri!
Jende xumea, aldiz, borroka batean sortu da, nahi ala ez, eta zerbaitetarat heltzeko borrokari behar du lotu. Jende xumea kexu sortu da, gauean, eta eskuak hutsik atzarri, askatasunik gabe. Herritarrak eta etxekoak guduan zituen! Mendi gibelean iruzkia ez zaio alde agertu, eta bere ait'amen intziria, ohako sahetsean, ez du ahantzia. Gazterik abiatu da eta borrokalarien artean hezi. Gudularien garrasiek bihotza erdiratu dakote. Askatasuna, bere baitan eta gizartean, izerdiaren gostuz ardietsiko du jende xumeak: goiz edo berant!
Begiak dituena ohar dadiela lur zabalean gertatzen denari, gizonon artean: herrak elgarren kontra altxatu ditu, eta, zoin gehiagoka itsu batean nazione handiak abiarazi aldiz teknikak! Viet-Nam, Kurdistan, Eskual-Herria, Biafra, Txekozlobakia... herrialde zatikatuen lerrokada! Herra baino pizkorrago eta maltzurrago, interesak derabilzki nazione kapitalixtak: beregaintasuna ardietsi berri duten nazioneak, askotan eta ainitz gisetarat, beren arteko tira-biran sustatzen dituztela eta beren menpean tinkatzen. Beharriak dituenak huteman ditzala lehertuak direnen zintzurretik ateratzen direnen garrasiak: izialdurarekin elea galdu dute eta nehork ez ditu entzun nahi. Ez bakarrik urruneko leihorretan (hala nola Indian, Hego-Amerikan, Afrikan...) bainan ere Europako eskualde pobreetan, zonbat jende, lanik eta jakitaterik gabe, beren bizitzea herrestan deramatenak. Azken hilabete hautako ikasleen altxatze eta elgarretaratzeak zerbait salatzen daukute miliunka beren miseriatik ezin jalgiz oldarka ari direnetaz: laborari eta langilek beren eremu eta uzinetan beren eskubideak frogatzeko ahalik ez daukate. Ipar-Euskal-Herrian, urtekal 2.000 gazte hurbil bertze norapeit lan-keta doatzi, etxekoak uzten dituztela beren zorrak nola paga arranguratuak. Eta berdin Espainolak eta Portugesak Frantzia ipar alderat, Alemanialat eta Suizalat... Jende xeheak ez du hauturik, bizi litaken lekurat behar du jo bere ahaide eta herritarrak utzirik. Halere, beti izanen dira ikusi eta entzun nahiko ez dutenak: dirudunen alderdikoak!
Batez ere, gizarte mailkatu huntan, sasi-jakintsunek, beren goi-alkitik, irakasaldi okaztagarrienak hedatzen dauzkigute denak ongi doatzila sinetsarazi nahiz. Beren bulegoaren aintzinean ttottotuak, mahain garbi eta dirdiratsuaren gainean beren paper xuria belztuko dute letra ederrenez. Murru paratak liburu ederrez jorituak, beren biziko oren hoberenak lilluraturik iraganen dituzte, munduko jakitatea beretua balute bezala. Emeki-emeki helduko dira beharba orrialde beta baten apaintzerat: munduko gorabeherez zerbait aipatu nahiz, edo gizarteko mogimendu hariak berexi nahiz, edo gizonaren barne gordeena zilatu nahiz. Zer haxetra! Bainan dena lasto balitz? Eta pindar bat aski lasto meta ederrenaren erratzeko! Zonbat liburu pila ba litaken errateko! Ketan! Eskuintiar ala ezkertiar, sasi-jakintsunak plaza gogolarien asmatzeak eta pentsakerak murtxatzen ditu eta, axal berri batean apaindurik, eskaintzen. Gaurko gizartean ba dira holako mamu asko, eskuak garbi, aztal-beharriak legun, borrokalarieri urrunetik begira dagotzinak! Alta, beren ustez, munduaren oldea heien beharretan da! Jakin ukan balute plazarat aterako ziren, plaza gainean baita bizia sortzen, orratzen, berritzen eta emendatzen. Beren bulegoko eremu hertsian bizitzea eta hiltzea hautatu dute. Zirritu bat bakarrik doi-doia airearentzat: hertsiegi mundua barnagotik ezagutzeko eta entzuteko! Goxatzen dira beren orrialdeen itzultzen, beren zirrimarren irakurtzen eta uste dute bertzek zerbait ulertuko dutela! Errautsak ditu fundituko eta haizeak barreatuko.
Bertze gisan mintzo dira plaza gainean borroka ari direnak. Bertze gisan ikusten dituzte munduko gorabeherak beren ogi puska plazan sorarazten dutenek. Bertze gisan entzuten dute plaza gainean eskuz-esku joaki direnek. Gizonek elgarrekin jasaiten dituzten nahigabeetan sortzen dira elgartasuna eta adixkidantza, elgarrekin irabazten dituzten guduetan. Eta ez ideiekin dantzan dabiltzanetan. Eta ez liburuekin bakarrik adixkidetu direnetan. Eskuak tinki lotu dira lanari bururaino helduko direlako ustean. Elgarrekilako lanak badu bertze joerarik bakarrik eginak baino. Elgarrekin hartu erabakiek badute bertze pizutasunik bakarrik hartuek baino. Elgarrekin irabazi guduek badute bertze ondoriorik bakarrik irabaziek baino. Bainan, gizona zoin den hezgaitza bertzeekin zerbait egin behar duelarik! Ardurenik bere-ber nahiago du ibili eta jokatu, kidekoekin uztartua izaitea hastio balu bezala. Gizona berkoia dela, errex da erraitea, errexegi! Barnago zilatuz, nago gizarte maltzur hunek ez ote duenez hortaratzen? Beldurrak hartua sortzen zauku, eta beldurra odolean handitzen: gizarte basa huntan bere burua nola zainduko ote duen, bizi nahiak bultatzen duelarik. Bizia gal beldurrak gaitu elgarretarik berexten, sahetseko laguna etsai bilaka litakelako usteak beti kezkan atxikitzen gaituela. Alta gizarte basa hau uzkaltzeko eta eraikidura zuzenagoetan finkatzeko, gu baitarik behar gira ateratu eta ondoko lagunak adixkide ditugulako ustean bermatu. Bereziki, zuzenkontrako muga suerte guziak aurtikirik, naturalezko lokarriak bildu eta tinkatu: familiakoak, herritarren artekoak, endakoak, eta nazionen artekoak... Eta mundu zabalari behatuz, ohartzen gira partzunergo lokarriek asko eskualdeetako gizakieri tinkatzen gaituztela: Eskualdunek askatasunerako deramaten guduak ba du zer ikustekorik Viet-Nametarrenarekin; halaber Biafratiarrenak Txekozlobatiarrenarekin; Hego-Amerikako gertakariek erne egoiterat hertsatzen gaituzte. Jokaera berak ez ote gaitu juntatu behar, edozoin eskualdeko edo alderdiko indarkeria maltzurra gora salatzeko eta beharorduan gudukatzeko? Naturalezko ala partzunergo lokarriak azkarkiago tinkatzerat doatzi gizaki ttipi eta pobreak estadu indartsu eta aberatsen itzaletik mundu zabalerat agertzeko. Afrika'n ala Hego-Amerikan bezala, kondizione berezietan bada ere, bere muga tinkiak jauzter zazko Europa zaharrari aspaldinoko urteetan menpean atxiki dituen nazione ttipien oldean. Batez ere Frantzian, Bretoinak eta Okzitaniarrak, Eskualdunak bezala, nunbaitik noizbait atzarri eta harrotu dira, eta elgarrekin asmatu dute Europa berri bat molda zitakeela. Jada deszentralizatzea aipu da bazterretan, bainan urrunago behar dugu behatu eta, gaur asmo ditakeena, emeki-emeki obratu. Hortaratzeko, ez da dudarik, gutarteko berexkeriak behar ditugu baztertu, bure ikus-molde bereziak aztertu, eta jokaera bera hautatu, elgarrekin Europa berri eta zuzenago bat pausuka eraikitzeko. Beharrezkoa zauku lehen-lehenik ber asmoan juntatzea, eta sinestea parte gure gain dela egungo asmoa obretan finkatzea. Bakarrik egunean eguneko bizitzekoaz arranguratua dela jende xehea, esku langilea, errex da aitortzea, errexegi! Barnago ikertuz, bere hitz bekaneri behatuz, laster ohartzen gira, ba daukala bertze arrangurarik. Ezinbertzean, jakitate eskasez ardurenik, edozoin lan hartzen duelarik jan eta edan behar duelakotz, badaki, bertze gisako gizarte batean sortu balitz, ez bakarrik aijeago biziko zela, bainan bere nortasunak eskatzen diona eskumenean zukeela. Aladere, bere buruaren jabe izan nahiak derama gizona, sortzean bizitzeak jarri diozkan lokarriez inguratua eta ez estekatua, bere jite bereziaren araberako kultura ohantzean oratua izan nahiak. Gizon guziek, bakotxak bere neurrian, bizi nahia sendi duten gune hortan, ez ote gindezakegu nolazpeit elgar junta? Bizimolde eta kondizioneek mailkatzen eta berexten gaituztela, zerk junta gindezazken zendako ez lehia elgarrekin ikusterat? Ohar gintazke naski, ardurenean eta asko gisetarat, gure burua edo ontasuna zaindu beharrez gure indar eta jeinu hoberenak behargabe enpleatzen ditugula, eta elgarren mesfidan bizi girela. Bakotxaren bizi nahia hozi-arazteko eta gizaki bezala nortzeko, elgarrekin baizik ez dezakegu ikusi nola balia dauzkagun jeinu eta aberastasunak, nola berma elgarren arteko askatasuna eragintzerat. Batzu-bertzeek dauzkagun ahalak elgarren artean indartuz nori ez zaioke gogora nolako joera izan dezakegun gure gizarte hau bertzelakatzeko, zuzenago eraikitzeko?
***
Plaza gizona da biziaren alde: bere obretarik badaki jakintzaren asmatzen, eta bere jakintzatik bere obraren hobeagotzen. Dakiena ez du zokoratzekoa, gal beldurrez, beretua duelakotz. Bizitzeari lotua delakotz eta ez ontasun goititzeari. Eta egun bakotxak jakintza berri bat ekartzen diolakotz. Plaza gainean gogoa erne du gizonak, soa bipil eta beharria haiduru. Atzoko jakintzatik ikasten du eguneroko obra nola bete. Egungotik ikasiko du biharkoa, egun oroz bere izaitearen zentzua hobeki barnatuz eta ulertuz. Hor da hor, plaza gainean, munduaren oldean hartua eta eremana, altxatua eta itzulikatua.
Ez gorabeherarik gabe! Izaiteak eta bizitzeak denen baitan jauzten baititu. Eta gorabeherak beti izanen baitira: egun trenkatuek koropilo gordeak agertzen baitituzte, egungo erantzunek galde berriak. Hola delakotz eta hola behar baita gizonaren gogoa erneagotzeko. Beharrezkoak baitzaizko gorabeherak eta koropiloak, galdeak eta erantzunak, eguna eta gaua, argia eta iluna! Plaza gainekoari hezur munetaraino sartzen zaio munduko oldea, bainan ikasten du zerbait egin dezakeela oldar horren hezteko. Borrokalaria bilakatzen delarik gogolari, ez da eneatzen plaza gainean. Lanetik lekora, bere baitaratzen dela, hor ditu, nahas-mahas, lagunekin erabili solasak: harrotzen ditu, nahasten eta baheztatzen bere bizitzerako. Ikusten du elgarrekin hasi obra eraikitzen, goratzen: lagunen eskuak ez zaizko etsai eta ahurrean dauzka tinkatuak, gau eta egun. Elgarretarik berextean, lanetik lekora, ba daki bihar ere ber odol beroak pizkortuko duela: beharrezkoak baitzaizko esku idekiak eta begiko pindarra! Bakartasuna ez zaio etsigarri: bildutasun bihurtzen baitu egunero nor bilakatu den ikusteko. Zeren ikasi du egunero dela bertzelakatzen, bertzeekilako har-emanetan eta obretan: nolako giza-lurra araberakoa ere da ardurenik gure nortasuna. Ohartu ere da laster, norbait izaiteko, bere baitaratzea beharrezkoa zaiola. Bertzelan, gizartean galtzerat hertsatua litake, asko bezala!
Bakartasunean biltzen denak, plaza gaineko gizon bezala nahi du agertu. Bilatzen duen bakartasuna ezpaita harentzat munduko oldeari ihes egiteko parada bat. Zeren, asko moldez eta uste gabean, gizartetik ihes egin bailezake gizonak. Horrela bakartasuna izan ditake ezin jasanezko zer bat, nerea baitan sendi dutan traba bat, gizarte bizitzea ihesarazten dautan jaidura gaixto bat. Eta zonbat, gizarte izkinean bizi direnak, uzkur eta murritz! Herrestak! Gaurko gizarte tinkiak hortaratu dituzke. Ahantzi edo ez duelakotz nahi onartu bere eskasarengatik direla hortaratu: eskasaren onartzea bailitake ez ongi dela aitortzea. Zonbat ez zauku guhauri ere gostatzen gure burua eri dugula aitortzea? Gizarteak bere eritasuna ez du nahi ezagutu: eraikidurak doi bat plomuan dauzka bere izan-moldea inganatzeko! Horra zertako diren eta izanen oraino luzaz jende herrestak bakartasun leizean galtzerat hertsatuak. Goiz edo berant, gizaldi berri baten oldeak eraikidura ustelduak kraskaraziko ditu eta ustel zaharrak jauzaraziko. Mundua itzulikatuz doa, jakintza eta teknikak emaiten dion bultzadan. Jadanik gizarte berri bat sortzen zauku, zabal bezain hurbil. Gaurko gizaldeak jakinen ote du egoki zaizkon eraikiduren asmatzen? Ala, bere ahalez harritua eta izitua, porroskatuko ote zauku? Edo berdin ezazolkerian xahutuko? Handi-mandiek badakite aladere jende xumea antzakatzen, ele xuriz, aiseria hitzemanez, badakite kexu denaren balakatzen. Nausiak beti jakin du bere mutilaren hezten! Eta hezi-arau mutilak ikasi du bere buruaz jabetzen eta oldartzen. Halere nausi-mutilen arteko tirabirak ez dira ezeztatu, handi-mandien botereak ez dira ttipitu eta jende xeheak borroka deramatenak gogorki tematzen dira zuzentasunaren alde. Beren baitan baitute jende xumearen odola. Ezpada errex ere, badakite nolazpeit eta zerbait gisaz, zuzentasunaren odolak gizarte berri bat eraikiko duela, eta jende xeheak ardietsiko bere gaintasuna. Bizkitartean, gizarte mailkatu bat ez dute nahi, bakarrik gizona izan dadien gizon bezala ezagutua, edozoin tokitan eta edozoin lanetan. Bere baitan eta gizartean, gizonak gizon bezala behar luke handitu, indartu eta agertu. Bakartasuna bildutasun bihurtzen duenean, bere buruaren jabe izaiten ikasten du gizonak eta, bertzeekin dituen har-emanetan, elean eta lanean, bizia emendatzen du eta gizartea sendotzen. Lagunekilako lokarriak bere baitan hazi zuzentasunaz tinkatzen ditu eta, elgarrekin gizarteaz berexi pentsakera, egunean eguneko borrokan frogatzen. Gizon askatua, ez ote da holako norbait?
Gaurko gizartean badira beharrik beren bahitara bakartasuna bilatzen dutenak eta balore bat bezala goratzen. Gizartean bizi dira, munduko oldeak hartuak, eremanak, bainan ez nausituak. Plaza gainean aurkitzen diren borrokalariekin bizitzeari lotuak dira. Orok bat egiteari lehiatzen dira, zoin gehiagoka arizan gabe, elgar baitute askatuko. Eta badakite gizonak gizon izaiteko bere baitaratu behar dutela. Badakite edo somatzen dute beharrezkoa zaiotela beren baitaratzea, uste gabean beren nortasunaz hustua ez izaiteko. Aladere bere egintzetan gizonak frogatzen baitu bere nortasuna, bere gizon seinalea ezarriz bere obra guztietan. Bere ahalak bere egintzetan ditu ezagutzen eta ere bere indarrak izartzen: zer egin lezaken eta noraino joan ditaken, zer ez egin eta noraino ez joan. Bere neurriak ezagutuz, bertzeenak hobeki ditu onartzen. Eta ulertzen du partzunergoak baizik ez diozkala segurtatuko bere eskubideak, zuzentasuna eta gaintasuna.
Bizkitartean, obrek beren alderdi inganagarria ukan dezakete: gizonari sinetsaraztea norbait dela zerbait egiten duelakotz! Holako asko gizartean ez ote ditugu aurkitzen, harat-hunarat lasterka dabiltzanak, bizitzeko denborarik ez dutela erraiterainokoan? Zonbat urrats debaldetan, zonbat ele alfer, eta nolako denbora galtzen duten funtsik gabeko lan batzuetan! Badira buru bero batzu pentsakera izpirik gabe. Zerbait egiten dute: harrabots eta errauts! Zerbait egiten dute: palabra eta sino! Zerbait egiten dute: punpe lekuaren gainean! Zerbait egiten ez ote ditu asko jende inganatzen: itxuren arabera zernahi egile bainan kaskarik ez!
Eta ez da etsitu behar! Aijetenerat lerra gintazke, bere baitan deraman borrokan gizona baita laster eneatzen. Eta gustuan bizitzea bilatzen du! Bizkitartean gustuan bizi izaiteak barneko arrangura ez ote dauku gordatzen: axalak mamia, irriak nigarra? Barneko arrangura eta barneko marruma: nork ez ote ditu ohildu behin baino gehiagotan? Bainan berriz hor agertu dira, bati goiz edo berant agertzen baitira gizonarenak direlakotz, gureak direlakotz. Gureak ezpaginitu bezala nahi gintuzke betikotz goiti errendatu, kalte egin daukun jakia bezala. Bainan goitibeheitiak eta galdeak, arrangurak eta kezkak ez dira betikotz goiti errendatzen. Gureak dira, gurekin jarraikarazten ditugunak. Gu baitan sortzen eta ala direnak, handitzen eta zohitzen, desegiten eta berriz moldatzen. Ez dira goiti errendatzen, betikotz! Baditake memento bat ixilaraztea: memento bat! Itsasoa jabaltzen den bezala! Laster gogoratzen zauzkigu: mintzo zauzkigu eta hertsatzen gaituzte. Bilatzen dugun erantzunak ez ditu eztitzen, alde ilun bat badaukalakotz, eta alde ilunerat barneko munduak zilatzen duelakotz, egiari buruz xendera berri bat ideki nahiz. Gizonari gune argiak ez zaizko argiegi eta gune ilunak zaizko etsigarri, bainan ez ezin garaituak. Gizonak garaitua izaitea ez du onartzen. Lurrerat erortzea, herrestan ibiltzea, haztamuka aintzinatzea: beharba; bainan garaitua izaitea: ez. Aitortzen balin badu ere zentzurik ez duela munduak, bere buruari zentzu eza nahi balin badu sinetsarazi eta uste hortan baratzen bada, barnagotik bertze dei batek bultatzen du hartu xenderan aintzina joaiterat. Gizonak garaitua izaitea ez du onartzen. Izan litake zentzordatua, garaitua balitz bezala, bainan hats izpi bat dukeno, garaitua ez izaiteko nahia agertzen du. Izan ditake estekatua mogimendu bat ezin egiterainokoan, bainan bihotza pil-pil sendi dukeno eta odola bero bere zainetan, baduke bere askatsuna aitortzeko indarra. Askatasuna aitortzen dukeno, gizona ez da garaitua. Eta herioak ixilaraziko duelarik, betikotz, gizona ez da molde hortan garaitua. Zeren egin zezakena egin baitu, bizia maitatzea, askatasunean, eta amodioa herioari nausi baita.
***
Atzo bezala egun, bere baitan ala gizartean, gizona hertsatua da borrokalari izaiterat. Sortu zen egunean, munduratze goxo gat egin zuken, inguruan haiduru zituenen erdian. Handitzearikin etxekoak urrundu edo itzali zitzaizkon, eta lagun berriak egin ditu, plaza gainean. Eta, bere gostuz eta jeinuz, ikasi du bakotxak bere baitan daukala zorionerako gakoa. Haatik ez bere-ber jokatuz, bainan eskuz-esku bidean eta lanean aurkitu borrokalariekin. Gu baitan ditugun eragozpenak eta gizartekoak ez ote ditugu artoskiago aztertzen bertzeeri uztartuak joaki girelarik? Elgarrekin ez ote gira, tai gabe, egunean eguneko borrokari lotzen: gu baitan eta gizartean? Eta egunean eguneko borrokatik ez ote gira askatuago ateratzen? Askatua izaiteak ez ote dauku zoriona ekartzen? Zorionak ez ote dauku biziaren edertasuna gozarazten? Egunean eguneko borrokak gizonago bilakarazten gaituelakotz, Bizia nausi agertzen da: gu baitan eta gizartean.