MANEX ERDOZAINTZI

UDATIARREKILAN

Herria, 887. zenb., 1967ko uztaila

Uda beroa hasi du aurten. Bakantzeterat noala nere sort-herrirat, Ortese'n baratu naiz zenbait egun. Nere egon lekua errege-bide bazterrean aurkitzen da: egun guzian otoak entzuten ditut birrinban iragaiten Eskual-Herri'rat buruz. Udatiarrak badoatzi trumilka eskual itsas-bazterrerat: zonbait aste iraganen dituzte inguruka gure xoko eta eremu pollitak goxatuz eta agian xoratuak itzuliko dira. Nago pentsaketa: zonbat entsegatuko ote dira eskual arima barnagotzerat, eskual problemen ezagutzerat eta behar orduan gure nortasun berezia zonbatek onartuko eta zainduko ote daukute? Ez ditzazkegu ahantz aurtengo gertakariak: Viet-Nam'eko gerla eta Israel'ek deraman gudua bere aberriaren zaintzeko. Bakantzak dira! Deskantsua zonbaitentzat, beharrezko deskantsua bereziki hirietan metaturik bizi direnentzat. Bainan deskantsu ilhuna: urrunetik heltzen baitzauku guduaren abotsa! Hiriak husten dira eta itsas-bazterrak jendez mukurru betetzen: zoin goxo asterietan itsas airearen phereka eta ilhunpean segitzen diren solasak, ahanzten ditugula ixtant batentzat urteko arrangurak eta kasailak. Haatik nola ez entzun miliunka goserik nigarrez ari direnak, lurrarekin borroka segitzen dutenen erasiak?

Eta Eskual-Herria'n? Udatiarren irriek, udatiarren diruak... ahantzaraziko ote daukute guduan girela? Zonbait astez gordeko ote diozkategu kezkatzen gaituzten gure problemak: gure Aberriaren batasuna; gure eskualdean lanik ez izanez 2.000 gazte Iphar Eskual-Herri'tik joaiten direnak urte bakotx; gure mintzaira eta gure kulturaren eragintzea? Guk, Eskualdunek, ez dezakegu ahantz guduan girela eta ez dela bakantzarik guretzat! Eta iduritzen zaut lehiatu behar girela artoskiago gure lurraren barnagotik ezagutarazterat, gure nortasuna aitortzerat, gure arima idekitzerat: denek jakin dezaten xuxen gure berri, denek jakin dezaten nor giren errealki eta suma dezaten gure bizi nahia. Gure ahotik jakin dezaten gure buruaz zer diogun eta ez bakarrik propaganda paperetarik! Gizon ixilak girela? Ba ditake! Bainak behatzen gaituztelarik badakigu gure barneko berri kundatzen, badakigu gure arranguren aipatzen. Eta badugu gure buruaz mintzatzearen beharra gure nortasuna barnagotzeko, badugu gure arranguren aipatzearen beharra gure problemen aztertzeko eta berhexteko, badugu gure kexuaren agertzearen beharra etsimenduan ez hurtzeko. Diote axaletik ezagutzen gaituztenak ezin zilatuzko jendeak girela! Baditake! Bainan so egin daukutelarik amodiozko so batean, sararaz ginezazke gure aparteko munduan, sukaldean bezala, eta jarraraz gure barne gune hoberenean bizitzeaz dioguna partekatzeko: segur naiz nunbait elgar junta gindezakegula eta konpreni. Gutarterat etortzen direnak ohart litazke gure itsas-bazterraz eta gure mendietaz bertzerik badiotegula eskaintzeko: gure eskualduntasuna! Beldurrak hartzen nau eskualduntasuna aipatzean! Ez ote dut nere joera errealitatetzat hartzen? Badira oraino eskualdunak Eskual-Herria'n eta eskuaraz mintzatzen direnak: badira oraino. Eskual-Herri barnean ibili naiz eta eskuara mintzatzen aditu dut jende gehienen artean, oraino ene adinekoen artean. Eskual-Herri barnean badira donado baratu direnak eta eskuara mintzatzen dute, eta badira ere haurrak eta erdara mintzatzen dute! Ibili naiz Baiona'n, Maule'n, Atarratze'n, Donapaleu'n, Donibane Garazi'n: jende gehienek eta haurrek frantsesa badakitela adiarazi dautet! Ez nuen uste Eskual-Herria'n nintzela! Goibel ibili naiz: dizka batzu erosi izan behar ditut eskuara mintzatua entzuteko! Gau batez Senpere'n aditu nintuen eskual aire batzu: gazte multxo bat bazitaken eliza ondoko ostatu batean; egon nintzan beha kopla zonbait bildu nahiz eta la-la-la... batzu zoatzin han-harat ixiltasuna urratuz! Beldurrak hartzen nau eskualduntsuna aipatzean. Halere ez da zer etsitzekorik: eskualduntasuna ari delakotz sortzen Eskual-Herri batuan. Bilbao'tik Atarratze'rat, Baiona'tik Iruña'rat: Eskual-Herri batua ari da sortzen eskual seme askoren gogo-bihotzetan. Ez da zer etsitzekorik: gaurko bizi-oldeak Eskual-Herri baturat hertsatzen gaituelakotz. Eta, beraz, arrazoin dut eskualduntasuna aipatzea!

Mañex IBARRALDE

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons