MANEX ERDOZAINTZI

EUSKAL-KULTURA BATEN BEHAR GORRIA

Herria, 1956ko apirilaren 5a

Duela zonbeit aste azken "Gure Herria" ukhaiten ginduela. Boztu gira ikhusiz urhatsa zalhutu zaiola. Ez da dudarik gogoak bilhatzen duela hazkurri; badabilala garai gorenetan, eta irakurgaietan, mintzaldietan, solasaldietan duela aurkitzen bere bazkarik gizenena, gozoena, aberatsena. Gizaki bakotchak badu bere kultura, gogoaren alhapidetzat nola ere agerbidetzat, zoinek erakusterat emaiten beitu gizaki horren gogo-biziaren heina, neurria. Kultura ahula, arrunta deraukan gizakia, gizaki arrunta, gogoz hutsa, biziaz mendrea.

BEHAKO BAT

Eskual-Herriari behatzen diogula, laster ohartzen gira eskualdunak gogozko ekeietan guti ari direla, halako aiherkunde zoro batek gogorturik derauzkala. Alta arzondetze (civilisation) berriari nahi balin badugu eskualdunki ihardoki, nahi balin badugu eskual-gizona salbatu, Eskual-Herrian behar dugu kultura azkar bat aphailatu zoinek beharko beitu eskualduna moldatu, jitez dakharzkan dohain aberatsenak ezagutarazi, nasaiarazi, zohiarazi. Eskual-kultura baten eskasaz ohartzeko, aski da zonbeit egun gure hirichketan iragaitea (Baionan, Miarritzen, Donibane Lohitzunen, Hendaian, Saran, Khanbon, Donibane-Garazin, Donaphaleun, Atharratzen...). Hirichka horietan aurkitzen dira familia eskualdun gothorrak; bainan laster ohartzen gira azken gizameneko gazte ainhitzak barnez huts direla, barreiatuak, irabaziari eta plazerrari emanak. Gauza guzietan aisetasuna bilhatzen dute; gogo-lanetako astirik ez dezakete.

Eskualdunik? deusik ez dute. Udatiarrek karreatu usai eta moda itsusienak beretzen dituzte. Ez direlakotz jakitatez argituak; adimendua ez dutelakotz sekulan moldatua ukhan; hitz batez, haurtasuneko mailean kizkorturik baratu direlakotz, ez dire kapable arzondetze berriak dakharzkan ongi eta gaitzen ikhusteko, bat bertzetik berechteko. Maleruski gure herri eta hirichketan ibilki diren udatiarren arzondetze berriaren itzalak, ahuleziak, alderdi makhurrenak baizik ez dauzkute ezagutarazten. Eta nork ezagutarazten dauzkigute arzondetze berriak dakharzkan ongiak? Hortan dauke, Eskual-gizona bere barneraino kordekatzen duen min garratza, zoinek ari beitu Eskual-gizona bere arimaz husten. Ez balin bagira ohartzen; ez balin bagira bermatzen, hirieketan alha den gaitza gure kanpagnetako herrietan barna sarthuko da, familia osoak suntsituz.

ESKASA

Gertakari guziz lazgarria. Ez da aski hautemaitea eta nor berak bere burua gerizatzea. Giza hortako izamena berekoien arteko izamen higuingarria, guk ezin onhartuzkoa. Gerthakari horrek erakusterat emaiten dauku eskual-kultura batten behar-ordu gorria. Eta ez dauku "Gure Herria" agerkariak bere artikulu mehekin gauza haundirik ekhartzen. Nahi ginduke egungo eskualduna salbatu eta ez meria zokhoetan hatzeman erhautsak jan paper zonbeit. Eskual-gizonaz gira grignan, eta nahi ginduke, bere norbaitasun bereziaren arabera, bere jite ederrari leialki atchikia izanez, arzondetze berrian sararazi. Hortakotz, gogozko lanetaz gure agerkariak behar dire aberatsu, ezen Eskualdunek ere beitute hazkurri mamitsu baten beharra, nahi lukete alhapide bat gozoa, nasaia, zointan beren gogoa haz, bertzelan arrotz alhagietarat joanen dire eta gogoa osoki erdalduko zaiote. Badire Eskualdunak Eskual Herritik kanpo zoinek nahi beilukete zerbait egin Eskual-kulturarentzat.

Bainan ohartuz Eskual-Herrian zerbait egiten ahal luketenak hoin ahul, gogoz hertsi, kalapio ttipikoak, etsitzen dire eta bihotzean dakharketen eskualdungoaren alderako azken pindarra hiltzen zaiote. Eskual-gazterian beitauke Eskual-Herriaren geroa, berma gaiten Eskual-Gazteria azkar baten moldatzeari. Eta orhoit gaiten Bordelen, Parisen, Tolosan edo Frantziako bertze ikhastegietan diren Eskualdun ichtudianteetaz; Eskual-Gazteriaren zathi gothor bat direla, eta beraz badituztela Eskual-Herriaren alde eginbide zorrotzak. Eskual-kulturaren eraikitzeko, balukete zer egin. Eskualdun izaiteko, ez da aski egitea bilkhura bat heben, bazkari bat hor, frantsesez eginikako mintzaldi zonbeit artetan. Ez da aski dantza, pilota, eta ohidura zonbeiten begiratzea. Eskualdun izaiteko behar da eskuara mintzatu, gure baithan dakharzkagun dohainak hoziarazi, haundiarazi, zohiarazi; gure izamen guziak behar du eskualdun izan. Bainan izamen bat moldatzen da; dohainak hoziarazten dire, kultura baten barnean.

NORK OLDARRA

Eskual-Herrian buruzagi direnen eginbidea; Eskual-Herriko aphez, jakintsun, langile guzien, eginbidea lehen bait lehen eskual-kultura bat soraraztea. Ala eskuara gure haurreri erakutsiz (eskola libroetan deneri behar liteke erakutsia izan); ala agerkariak aberastuz, mamituz, Eskuarazko liburuak argitara ditzagula, heda, eros-araz, irakurtaraz eskualdun guzieri.

Ez uste ukhan indargno bat, entsegu bat eskuin edo ezker egiten delakoan, hortan aski dela; denek oldar berean behar dugu mugitu, denak patzuer, elgarri josirik, sail berriari lothu, eskual-kulturaren eraikitzeari.

Uste dugu Belokeko Aita Beneditanoen etcheak behar lukela obra horren aintzin-zain izan, sustatzaile, kudeatzale. Badire Aita eskualdun andana bat, denak bat zoin bertzea baino jakintsun jakintzaren eremu gorenetan adituki dabiltzanak. Zerbait nahi balute egin, ez othe lezakete? Eskual-Herriko seme direnaz geroz, ez othe dirade zorretan?

EKHEI ZONBAIT

Preseskiago Erlijioneko sailean, gure herrietako aphezek doazkoten erakaspen zuhurrak aipha, argitara beilezazkete "Liturgia" eta "Aphezgoako" ralat itzul?

- Biblo osoa (Testamen Zahar eta Berria); oraiko Teologo jakintsunen azken ezagutzak aiphatuz eta chehatuz; haien erraneri jarraikiz.

- Elizako Aiteen erakaspen hoberenak, premiatsuenak bildumatuz.

-Aita Sainduen guthunak; berezikiago oraiko denboreri doazkon erakaspen zuhurrak

- Behar lukete ere "agerkari" bat asentatu zointan aipha, argitara beilazkete "Liturgia" eta "Apezgoako" gauzetan orai egiten diren ikhertze, asmatze miragarriak. Zendako ez "La Maison Dieu" (cahiers de Pastorale liturgique) derizan agerkaria eskuaralat itzul?

Dei hau botatzen balin badiotegu, konfiantcharekin egiten diotegu, ezen beitakigu Eskualdungoaz gu bezain achola direla; zerbait nahiko dutela egin; zerbait eginen dutela. Dei hau adituko duenak bere lagun eta adichkideeri ezagutaraz dezala, bertzelan eskualdungoaren herioaz izanen da hobendun, eta hanbat gachto harentzat.

OREN LATZAK

Munduaren edestiak (histoire) are gehiago Eskual-Herriarenak oren latzak bizi ditu, kinka gachtoan aurkitzen beita. Kinka horri nola nausituko gitzaizkon; gure indarreri zer ikhurra emanen diotegun hortan dauke geroaren auzia. Munduko eskualdun guziek, eskuz esku bat egin dezagula. Orduan eskual-kultura bat sorthuko da eta zohituko. Gogoa lant dezagula, bortcha, usa asmu, iritzi gorenetan, dorpheenetan. Gogoa erna, chorrotch, treba dezagula jakitatearen adar suerte guzietan, bide ala chendra gordeenetan. Munduko eskualdun guzieri hel egiten dugu, aspaldinoko loeria hobendun higuingarri huntarik jatzar ditezen eta beren indar eta ahalak eskaint Eskual-Herriaren salbatzeko.

"...Ezkaitezilla, beraz, gu ere gerokoan fida. Zeren, geroko hartan, bentura bat ahal badateke ere, ez ordea segurantzarik; eta erhokeria handia da, segur behar duen gauzaren benturan, ibentzea, biharamuneko esperantzan eta perilean uztea." (Axular)

Zorigaitz gure artikulu hau irakurtueta gure deiari bihotza hetsiko duteneri...

Zorigaitz gure artikulu hau irakurtu eta gure deiari bihotzez ez balin badute sail berri huntan eskua sartzen...

Zorigaitz beren sor-herria arnegatu eta hartaz etsitu direneri...

m. OSTOGIA

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons