ESKUAL IRAKURGAIAK (II)
Parisen, 1966-II-6an idatzia
Elgar-i igorria
Ez dute baitezpada irakurgai eskasik eskualdunek. Bilbao'tik Atarratze'raino, Baiona'tik Eskual Herri osoa imokatua da papereriaz. Kaseta mota guzietarik aurki ditake: xuri, gorri, ephel. ilabetekari, astekari eta agerkari! Hegal luze eta labur! Espainolez, frantsesez eta eskuaraz! ideia guzietakoak: "Buru bezanbat aburu" errana da: beharrik! Nago pentsaketa zer litaken: "Aburu bezanbat buru" gerta balitz? Zer nahasmendua! Bizkitartean, nere ustez, zonbait harrituak litazke ateratu "aburu" bezanbat "buru" ikus balezate! Beren kontradizioneeri ohartuz beharba nunbait errexi litazke! Bainan ez delakotz hola gertatzen eta gertatuko, ezin errexitzeak hartzen ditu asko, eskolatik etxerat itzuli haurraren gisan, ikasi dituen elhe bakarrez bere ait'amak guntzetarik jauzarazten dituela!
Kaseta mota asko sartzen da gure etxetan, kanpainan ala hirian. Aladere kasetek ez dute geografi mugarik ezagutzen. Sartzen zauzkitzu beraz alde guzietarik, haizea borta petik bezala. Zer den gertatzen? Deneri behako bat, larri-larria, eta brixt gaminet zokoan, irakurtzen artzea baino lan presatuagorik ba delakotz gure akulatzaile Eta, goiz edo berant, zokoratu paperia aterako da. Jin bezain garbi, xantierrerat doan langilearen askaria inguratzeko edo sua pizteko!
Irakurgai parrasta hortan, eskualdunak eskuarazkoak berexi behar luzketela eta hobeki baliatu, iduritzen zaut. Gure gogoak aladere zer dezake hobekienik har eta konpreni eskuaraz xeheki eta garbiki esplikatua zaiona baino? bi astekari ba ditugu astetik astera mamitsuago eta interesentago ateratzen zauzkigunak: Herria eta Zeruko Argia.
Hor dira aztertuak munduko gertakari eta gorabehera larrienak, eskual senditzeko, ikusteko eta pentsatzeko maneran. Gaurko denboran, edozoin gizon bizi da jakintzak ezagutarazten dion munduaren hedaduran. Mundu guziko berrien heltzeko moienak hain dira emendatu, bikaindu azken urte hautan nun jenderik xumeenak baitaki nun zer gertatu den egunaren betean. Radio ala telebixta, kaseta ala agerkari, hor ditutzu eskumenean eta begien aintzinean. Mortutik jaustean Behorleguy'ko artzainek ba dakikete Nevada'koek bezan bat berri, Parise'ko langilek Tokyo'ko edo Buenos-Aires'ekoek bezain xuxen zer gertatu den egun mundu zabalean. Bai mundu osoa ixtant batez sartzen zauku onden eta idaztien medioz etxe barreraino, eta familia batean semeak ba dakike aita bezain ongi edo berdin hobeki zer esperientzia abiatu gei duten Amerikanoek edo Rusiakoek espazioa miatzeko: Bertzerik ere ba da: estatu barneko gora-beherak eta gobernuaren erabakiak, erresumen arteko hartuemanak eta antolamenduak, Vietnam'eko gerla eta Xina'ren larderia, Rusia'ren sator lana eta Amerika'ren nagusitasun egarria, nazione pobreen kexua eta populu minoritateen oihua, ideologien propaganda eta erlijionen zektarizmoa... gertakari eta pentsakera horiek dute orhatzen gaurko mundua. Eta on da ikas dezagun gertakari eta pentsakera suerte guzien ikusten eta jujatzen gure bizitzarako erakaspen jakingarri baten ateratzeko. Bertzalde, ez girelakotz bakarrik bizi, bainan gure bizia gizartean deramagulakotz, bertzekin eta bertzeentzat, gure konzientziak hertsatzen gaitu munduaren gaurko moimenduan parte hartzerat, orhatzeko eta sentsu baten erraiteko, gure herrian eta gurekilakoekin. Gure bi astekari horietan dira ere aipatuak eta agertuak egungo eskualdunek beren baitan derabilzkaten problema premiatsuenak: politikaz, ekonomiaz eta gizarte bizitzeaz. Herrian edo herritik kanpo bizi diren eskualdunek ez ote dute, behin edo ardura, gogoan erabili bertze molderik izan zezakela eta dezakela Eskual-Herria'k? Sortzen zauzkigun asmoak, bihotzean alha zaukun herri-mina: ez ote dira gureak? Eta beraz, zer argia eta nolako sustengua bizitzeari lotuak girenentzat eta egun guzitako borrokan uztartuak, gure anaitasuna lokarri azkarrenez tinkatzerat doala jakitea! Herrian bizi edo herritik kanpo, laborantzan edo induztrian, bulegoetan edo plaza gainean, jakintzan edo egintzan... zer batzu bezala ikusiak, harat-hunakatuak eta baliatuak..., gure nortasuna pizten bide da, samurtzen eta bihurtzen. Zerbait ez izan nahi eta, ditaken mail xumeenean, norbait girela agertu nahi: gure barneko jiteak hola manatzen dauku. Etzauku gehiago aski kantatzea: "Nor gira gu? Eskualdunek, Eskualdunak... Nor gira gu? Ezkualdunak gira gu!" gaurko gizarteak ez duelakotz kantua konprenitzen! Gaurko gizarteak bestelako mintzaira bat duelakotz entzuten: xifreena, errendamenduarena, teknikarena! Eta gaurko gizartekoak girelakotz, eta gaurko gizartean norbait izan nahi dugulakotz, xifreekin, errendamenduarekin, teknikarekin..., xutitzen gira. Ez bakarrik, etxekoz-etxeko, "Gernika'ko arbola"ren kantatzeko, iragan denboren noztalgiak hunkiturik, gizartearen agerian gure nortasuna aitortzeko Ez dugu zerbait nahi izan, bainan norbait. Gizarteari esplikazione bat eman beharrez, huna nun giren hertsatuak gure buruaren barnatzerat. Nor naiz? Zer esplikazione eman dezaket nere buruari? Zer dakit nitaz? Etzaut aski ene barne gordean sortu eskual sendimenduaren kantu batean ixurtzea. Sendimenduek nabaritzen dautaten errealitatea nahi dut inguratu, berexi, aztertu eta kontzientziaren guneraino ateratu, adimenduak nere baitaratzen nauelarik asmatzen duen funtsezko lan batean. Emeki-emeki nere izaite bereziaren balioa eta nere nortasun apartekoaren jitea, konzientziaren gunean agertzen zauzkit berau erroekin eta hedadurarekin. Nere erroak dira batean eginak eta nere hedadura da erroetarik eman dautan biziaren heinekoa: Nolako garrantzia duten jatorriak eta bizi giroak familien, populuen eta arrazen berexkuntzan, biologian jakintsun direnek erran dezaukutela, eta ere zonbatetaraino gaituzten kondizionatzen gure izan eta bizi moldean.
Etxondoa eta funtsak, sort-herria eta eskualdea, mendiak eta zelaiak, oihanak eta larreak, familiakoak eta ahaideak, adixkideak eta lagunak... nori etzaizkiote oroitzen, bereziki urrun joanak direneri? Primaderako iruzkiaren iñharra eta Larrazkeneko haizearen ephela, Udako bero samina eta Neguko bildutasun goxoa... nori etzaizkiote gogoratzen, bereziki hiri animaletan sasoinen etorraldia agurtzen ahal ez duteneri? Ni haritz baten itzalean sortua naiz, eta handitua... Nork ez du ba haritz bat bere etxondoari hurbil, oroitzapen hunkigarrienak begiratu dituena? Zeruko Argia, Herria, etxetik edo amak, edo aitak, edo anaiak, edo arrebak idatzi letra bat bezala... mintzo zauzkigu bihotzari, maitatu eta maite ditugunetaz. Letra bat! Hitzetan, frazetan edo amak, edo aitak, edo anaiak, edo arrebak... juntatzen gaituzte gizonak duen gune gordeenean: bihotzean. Eta mundu bat harrotzen du! Halaber Zeruko Argia eta Herria kasetek, aste guziez ekartzen dauzkiguten berriekin: sortzeak, heriotzeak, ezkontzeak, laborarien eta langileen arrangurak, gazteen oiharzunak... biziaren gudua, Eskual Herria'n.
Parise'n 1966'ko otsailaren 6'an
Parise'ko Elgar-i igorria.
Ramuntxo Camblong'i ale bat emana Egia-ri igortzeko Paue'rat.