ESKUAL IRAKURGAIAK
Gure Herria 4, 1966ko urria,235 or.
Eskualdungoaren eragintzeari asko moldez parte har dezakegu. Gure tokian, gure sailean, gure jakitatearen neurrian, gure eskualdun nortasuna finka eta ager dezakegu: nork politikan, nork ekonomian, nork kulturan. Munta handia du gutarik bakotxak, bere ezazolkeria ala uzkurreria garraiaturik, haz dezan populu berezi bati josia izaitearen konzientzia. Eskualdun sortua denaren populu berezia delarik eskualdun populua, baitezpada zor diozka bere gogo-bihotzen zerbitzua. Eskualdungoak bizitzeko ba du eskualdun bakotxaren engeiamenduaren beharra. Gure engeiamendu hunen lehen ondorioa izan dadiela eskualdun guzien arteko batasunaren obratzeko nahia. Geografiak, historioak eta hizkuntzek eraikitzen dituzten mugak baino gogorragoak ba dira ideiek, jakitate eskasak, karkula gabeziak...sortzen, hazten eta emendatzen dituztenak eta gutarteko lokarriak desegiten. Aitortu beharretan gira eskualdunek ez dakigula elgar aditzen ez dakigulakotz elgar ezagutzen; ez dakigula engar entzuten ez dakigulakotz elgarri mintzatzen; ez dakigula elgarri mintzatzen du dakigulakotz elgarri behatzen. Hasten bagine elgarri so egiten, elgarrekin mintzatzen, elgar entzuten; ... gutarteko "Mugak" has litazke erortzen eta , beharba, elgarren anai girela ezagut ginezake.
Gure populuaren arima ezagutzeko eta beharrezkoa dugun batasun horri buruz lotzeko, laguntza baliosa ekartzen daukuten bi obra nahi nuzke aipatu, axaletik bada ere, eskual kultura baitute gain-gainetik zerbitzatzen.
1.-"ZERUKO ARGIA"
Luzaz itzalpean egon ondoan, duela bi urte "Zeruko Argia", astekari bezala, berriz hasi zen argitaratzen Donostia'n. Hatsarretik abonatu nintzan duda-mudarik gabe. Xumeki abiatu kaseta, zonbait ilabete barne mamitu zen eta beste erresumetan agertzen diren kaseten heinerat heldu. Orai, aste guziez, 12 orrialde baditu. Itxura ederrean eskainirik, ba du jakituria izpirituarentzat. Herrietako berrietarik bestalde, jakingarri zauzkit nazionen arteko eta munduko gertakari handienetaz eginak diren artikuluak, eta ere aipatzen dauzkidan goi-mailetako pentsamendu eta ideiak. Libertate eskasez, Eskual-Herri'ko politika eta ekonomia problemak klarki ez zabaldurik ere, irakurle gogoetariak bil dezake hor pentsaketa egiteko gaia. Holako funtsa daukan astekariak merezi du ezagutua, hedatua eta irakurtua izaitea. Beraz zor diogu gure laguntza. Horra zertako ongi litaken abonatua izaitea.
Beste abantail bat kausitzen dut. "Zeruko Argia" aste guziez errezebituz, ikas gintazke euskalkiek dituzten liferentziak guk uste baino ttipiagoak direla. Beraz ezerzio ona litake gutarik bakotxarentzat "Zeruko Argia"-ren irakurtzea, eskuararen hobeki ezagutzeko.
2.- "AUSPOA LIBURUTEGIA"
Orai duela lau urte, Aita Zabala jesuitak hasi zuen eskuarazko liburu sorta berri bat. Urtero hamabi liburu argitaratzen dira. Liburu bakotxak 140 orrialde. "Auspoa" (edo "hauskoa") da suaren ufatzeko tresna, dakizuen bezala, hiltzer doalarik pizteko. Eskuara da eskualdunen bihotzeko sua. Ez du itzaltzerik merezi. Gar berriak atera behar dizkiogu. Hortakotz, liburu sorta berri huni "Auspoa" eman diote izena! Liburu sorta hunen xedea delakotz, ilabete bakotx, ufako azkar baten emaitea eskual kulturari, ez dadien hil! Orai artino berrogoita zazpi ba zituen emanak. Eta ez nola nahikoak! Lehengo eta oraiko idatzi ederrenetarik argitaratuz. Ekei mote guzietarik: bertso, antzerki, ipui, solas, kundaira, bizitza, eleberri...
Azkenik eman ufakoa: "Teatro zaarra" deritzana. Liburu huntan aurkitzen dira. Xubero'ko pastoralez bestalde ezagutuak diren hirur eskuarazko antzerki zaharrenak. Lehena: Pedro Barrutia'ren "Gabonetako ikuskizuna"; Mondrago'en emana izan zen lehen aldikotz, 1759'garren urte aintzin. Bigarrena: Sor Luisa'ren "Gabonsariak", Azkoitia'n emana 1762'garren urtean. Hirugarrena: Xavier Munibe'ren "El borracho burlado", Bergara'n emana 1764'garren urtean. Hirur antzerki hauien biltzalea eta presentatzalea da Gabriel Aresti, Eskual-Herri'ko oraiko literaturak duen idazle trebe eta ausarta.
Liburu hunek ezagutarazten dauzkigun hirur antzerki zahar hautaz, huna zer iritzi agertzen duen P. Larzabal'ek: "Lehen bi antzerkiak dira eguberri-kari emaiten diren ikusgarrietarik. Moldez eta ederrez, Sor Luisa'renari doako, gure iduriko, xapelgoa. Ahatik, Barrutia'ren ahapaldi gazi pizkor batzu gelditzen dira ezin ahantzizkoak. Munibe'n mozkor kondaira airosak, sobera dauka kastillano mamitik, eskual jaki garbiaren ondotik galbitzanentzat". Eta, bere artikulua bururatzean, galde bat botatzen du (agian ez airerat!) eskualdun argituari: "Ezagutzen ditugu segur, frantses, espainol, latin eta nik dakita nungo idaz-lanak. Zer dakizue eskual elerti edo literaturaz? Ez ditake maita eta zerbitza ezagutzen ez dena." ("Herria", 1965'ko hazilaren 18'koa.)
Lan ederra baderama Aita Zabala'k, gorderik dauden kultura ontasun horiek oro argira ateratuz. Bere asmoa da, idazle zahar eta gaurkoekin eskual literaturaren sortarik ederrena, ugariena eta jatorrena osatzea. Nere partetik, atseginekin ikus nezake sorta huntan argitaratzen "Historia triste bat..." Garmendia'k idatzi antzerkia, arrunt gure denborari doakona baita eta merezi bailuke hortakotz hedatua izaitea. "Auspoa Liburutegia" delakotz gure zerbitzuko, balia gaiten beraz holako paradaz eta obraz gure eskual kulturaren ezagutzeko, barnatzeko eta jabetzeko.
Arnaud ERDOZAINCY-ETCHART