FEDEDUN ETA FEDETZAILE
Jakin, 23. zk., 1966, 52-59. orr.
"Ez dira ez, eni: Jauna, Jauna, ari zaizkitanak zeruetako erresuman sartuko. Ene Aita
zerukoaren nahia egiten duena bai hura da zeruetako erresuman sartuko" (Mat.,VII,21).
1.-GIZONAREN EZIN EGONA...
Jainkoak gizona egin zuelarik bere iduriko, adimenez eta bihotzez dohatua, ezarri zion bere ariman Berari buruz itzultzeko eta ibiltzeko gutizia. Hola ikasi dugu eta, guk fededunek, hola diogu. Egia erran, gizonak nahi du beti gizonago agertu, osoago, beteago, hedatuago, eta, ahal badu, bestelakatu, bere izaiteaz diona bilakatu. Ezin egona du lotua gizonak bere barne gordean: Hor asmaturik heltzen baitzako izan litakenaren alde berri bat, eta alde berri horren obratzeari lehiatzen baita. Eta beti berriz hasten da eta hasiko bere gizon izaitearen eskasa sendi dukeno: sekulan ez da gizondua, sekulan ez da osotua, betea eta hedatua. Helduko delako usteak derama: egun atzo bezala; bihar egun bezala. Ustea azkarrago da gizonaren altxatzeko eta hertsatzeko gertatzen zaizkon hutsegiteak baiño. Usteak hazten baitio adimendua, bihotza hunkitzen eta nahimena trebatzen. Bizkitartean bere ustean bakarrik fidatuz, amets lilluragarrienetan gal litake. Pentsalari bezanbat ameslari izaiterat ekarria ezpalin bada errealitateari ohartzen. Errealitateak, biziaren errealitateak diozka gogo-bihotzak frogatzen eta hezten, bere ahalen neurrian orhatzen.
Jakintzaren bitartez, gaurko gizona lehengoa baiño juntatuago kausitzen da izadiarekin: alde batetik kasik hezia bezala iduritzen ziolakotz eta bestaldetik ahal berriak idekiak zaizkolakotz. Obra eder bat bururatu duen ofizialeari bezala, pintura berezi eta apartekoa berhexi duen artixtari bezala, bere alhorrean hazia sortzen ikusi duen laborariari bezala..., bozkarioa dario gaurko gizonari bere jakintzaren obra miresgarriak aipatzean!
...ETA ARRANGURA
Eri bada gaurko gizona ez da lehengoa baiño eriago. Ez dut uste eri den, bakarrik izan litake arranguratuagoa den erlijione sendimena bestelakoa duelakotz. Gizonak beti bere baitan sendi du Jainkoaren gutizia, eta ezpalin badu nahi ere onartu edo gutizia horri ihes egiterat bere bizi osoan entseatzen balin bada, halere gizon denaz gain beti ber arrangurak derama: Jainko arrangurak. Aladere, handitu arau, gizonak frogatzen baitu bere izaitearen izaria, eta ezpaita eskapatzen ahal bere baitan sortzen zaizkon kestioneri nolazpeit eta doi bat ihardetsi gabe. Kestione horiek ukatzen dituelarik errepostu bat emaiten diote: ez dituela begiratu nahi, ikertu nahi... Beldurrak hartzen baitu egiaren ezagutzeak. Sekulan egia ezagutzen balu, bere izaiteaz egia ezagutzen balu... behar bailuke errotik kanbiatu bere bizitzeko moldea. Eta gizonak ez du maite bere bizitzeko moldeen kanbiatzea! Nahi du bere bizia goxoki iragan. Ardura ikusten dena da gizona bere situazionean inztalatzen: bere etxea, bere egoitza ederki apaintzen du barnez eta kanpoz; bere lana segurtatzen; etxeen ere doi bat goxotasun eta aijetasun ezartzen ditu bere mendeak eskaintzen diozkan moienak baliatuz. Gizona inztalatzen da betikotz lur huntan bizi behar balu bezala eta lur huntako goxotasun loeriak hartzen du! Bainan noiztenka berriz gogoratzen zaizko bere barneko munduan gizon guzien barneko mundua inketatzen eta inarrosten dituzten kestioneak: zendako den mundu huntan, zer ari den , norat doan mundua, zertaratuko gaituzten jakintsunen asmatze espantagarriek?... Eta mundua iluntzen dituzten gertakarien berri ere jakiten du kaseta, radio, telebixtaren medioz: mundu zabalean bizi den jende xumeenak ba daki Viet-Nam'en zer pasatzen den eta han ari den gerlak nolako hirriskuan ezartzen duen mundu zabala, mundu guzia inarros, hunki, xeha edo berdin suntsi lezaken gerla deitoragarri baten hirriskuan! Gizon xumeenaren izpiritua ari da beti "Traolian", erran nahi dut bere izpirituan erabiltzen, inguratzen, berhexten eta berriz biltzen dituela berari gertatzen zaizkonak eta munduko gertakariak. Gizona ari da beti treolian, aldiz noiztenka pentsaketa. Beharba ez behar luken bezala, erran nahi dut gauzak, gertakariak pizatuz beren neurrian... Halere gertatzen zaio bere barnearen barnatasunean sartzea: zer gisaz den lur huntan; norat doan norapena bultatua balin bada; zer den biziaren helburua? Ibilki ditake errepostu eta mintza ditzazkenak berdin bera bezain ixil eta arranguratuak aurki ditzazke! Eta hola ibilki da ardurenik. Alta bere barne barnatasunean ager baleza Jainkoak ezarri dion Fede izpia, beste argi bat atera lezake! Bainan ardurenik gizonak ez daki bere barneko eremuetan sartzen eta egoiten. Laster eneatzen da funtsezko banatze lan hortan! Fedea gorderik dutenek ez dezakete aije errepostu xuxenik ardiets beren baitan sortu kestioneri. Alta ez da dudarik gutan dugula parte gure kestioneri argi ekar lezaken errepostua. Nolaz bestelan Egiaren bila ibilki gintazke ez baginu gu baitan eg iaren egiteko ahala? Eta ez ote gira egiten, norbait agertzen gu baitan bildu dugun Egiaren arabera eta neurrian? Egiaren bila ibilki gireno erran nezake beti sortzen ari girela, bildu Egiak girenetik ber bestelakatzen gaituelakotz. Gizona bestelakatze olde hortan ez ote da ageri Jainkoa hor delako seiñalea? Gu baitan segi dezakegun bestelakatze moimendu hortan bada Jainkoa, nolaz ote ez dio gizonak hobeki behatzen? Nolaz ez dio emaiten bere onarmena? Eta emaiten dutenek ere ez dute Egia oso-osoa biltzen ahal, Egia osoa eta guzia Jainkoa bera baita, eta lur huntan goatzino ezpaitugu Jainkoa oso-osorik gauza bat bezala guretzen ahal. Bakarrik Fedeak dauku onararazten Jainkoan dagola Egia oso-osoa eta guzia, eta Jainkoari buruz, daukan Egiaren bila abiatuz eta ibiliz, dugula errepostu bat hatzemanen aintzina joan arau gure bizian sortzen zaizkigun kestioneri. Fedeak Jainkoari buruz gaitu itzultzen eta beti bultatzen Beraren hobeki ezagutzerat. Zeren Jainkoa hobeki ezagutuz gure burua baitugu hobeki ezagutuko, Jainkoaren argia jautsiko baitzauku edo hobeki, emana izanen baitzauku.
I.-GIZONAREN BETIKO BORROKA...
Beren baitan senditu Jainko gutiziari jarraikitzen direneri, beren baitan alha duten jainko arrangura handitzerat uzten duteneri..., Jainkoak bere argia emaiten diote: Fedearen argia. Bainan gizona ekarria da Jainko gutizia horren itotzerat, Jainko arrangura horren hiltzerat. Urguluak hartzen du askotan gizona. Uste du berez zerbait dela: bere gorputzean odola bero dueno, osagarri onean deno, adimendua kapable dueno ikasten artzeko eta bere asmatzeen obretan frogatzeko..., gizona ekarria da mundu erdi-erdian jaun eta nausi agertzerat. Eta hori bere heineko munduan: bere etxaldearen erdian, bere familiakoen artean, bere herritarren artean! Bere buruaz hartua den jendeak ba du halako xut aire bat: nahi du ikusia izan, nahi du ezagutua izan, ohoratua, nahi du denek aitor dezaten jende kapablia dela eta bere aferak ederki kudeatzen dituela. Hola-hola ba dire gizonen artean milaka Jainkoaren aintzinean agertzen direnak: aitortuz goraki ez dutela Jainkoaren beharrik bizitzeko, ez dutela Jainkoaren beharrik beren aferetan erreusitzeko! Gizona ekarria da Jainkoaren baztertzerat, urgulu zozo batek itsuturik. Ba zuten xut aire bat Jesus'ek kondenatu zituen Farisauek! Jainkoari eder egin nahi zuten ustez-eta Jainkoa enganatuko zuten! Jainkoak ba daki gizonaren bihotzaren berri, erabiltzen dituen gogoeta gordeenak ikusten dituelakotz, hazten dituen sendimenduak ba dazkielakotz nolakoak diren. Jainkoa ez dezakegu engana. Oroit gaiten nola zituen urguluak galdu gure lehen burrasoak: nahi ukan zuten Jainkoaren ordain jarri lurraren gainean, Jainkoaren lekua hartu munduko harat-hunatetan, beren gisa apailatzeko mundu hetsi eta tinki bat. Urguluak zituen galdu gure lehen burrasoak. Orai ere urguluak gaitu galtzen, suntsitzen, Jainkoa bazterrerat utzirik, guhaun gisa bizi girelarik, guhaun gisa gure heineko mundu hetsi eta tinki batean.
...ETA FEDEAREN ARGIA
Deus onik ez dauku ekartzen Jainko gutiziaren itotzeak, Jainko arranguraren hiltzeak. Aldiz Jainko gutiziari segitzen girelarik, eta Jainko arrangura hazten dugularik, gira handitzen, gizontzen, Jainkoak berak baigitu orduan laguntzen, egiten eta osotzen. Fedearen argiak Jainkoa ezagutarazten daukulakotz, ezagutarazten ere dauku gure izaitea: nor giren eta norat goatzin. Ezagutarazten dauku Jainkoa gure bizian ezartzen, gure bizi xumean, gure urrats guzietan bezala gure pentsaketa eta sendimendu guzietan.
Gure lehen burrasoen urguluak galdu balin bagitu, orroit gaiten Jesus'en umiltasunak gaituela salbatu. Gure eskasiaren ezagutzeko, gure ahulezien konprenitzeko eta jakiteko zer gisaz giren bekatuan bizitzerat ekarriak, behar gira itzuli gure lehen burrasoeri buruz. Aldiz jakiteko nola osotzen ahal giren, nola gure buruaz jabetzen ahal, nola gure jite onaren arabera handitzen ahal, nola gure bizia ereman zorion egiazkoaren gozatzeko, hots nola salbatuak izaiten ahal giren, behar gira baitezpada Jesus'i buruz itzuli. Jesus igorri izan baita guri buruz mundu hetsi hunen idekitzeko, mundu tinki hunen laxatzeko, eta gutarik bakotxatik gizon berri baten egiteko Jainkoaren haur salbatua, erran nahi baita Jainko Aitaren Erresuman parte hartzeko gai. Jesus umin-umila agertzen zauku bere bizitze guzian: sortzetik hiltzeraino, bere solasetan eta bere obretan. Bere umiltasunean Jesus'ek ezagutarazten dauku Jainkoa et duela gizonak ordaintzen ahal: Jainkoa da gauza guzien Egilea, Jainkoarena da mundu osoa, eta Jainkoarena delakotz Berak eman dio munduari duen ordena. Jesus'ek ezagutarazten ere dauku gure lekua: gure lekua da xerbitxari batena lur huntan. Ez Jainkoaren esklabo mundu hunen erabiltzeko. Bainan Jainkoaren xerbitzari, mundu huntan Haren goresteko eta mundua ederturik Berari eskaintzeko. Jesus'ek egin zuen bezala.
Jesus'ek ainitz aldiz erraiten dauku, Ebanjelioak dionaz: "Ez naiz lur huntarat etorri ene nahiaren egiteko, bainan ene zeruko Aitaren nahia". Jesus'ek beti hori ukan du gogoan: bere zeruko Aitaren nahia ahalik hobekienik betetzea. Eta ba dakigu Jesus'ek etzezakeela bestela egin. Mundu hunen salbatzea eta beraz idekitzea, laxatzea, berritzea, gizona barneraino bere graziaz saindutuz.
Guretzat Jesus egin da obedient hiltzeraino, kurutzean hiltzeraino. Bere Aitaren xerbitxari leial agertu da Jesus: gu salbatzeko bere bizia kurutzean emaiteraino. Alta biziari atxikia zitaken Jesus, guziak atxikiak giren bezala! Bizia: izaiten ahal dugun ontasunik handiena eta bizkitartean askok hoin gutiesten dutena! Alde batetik beti gal beldurrez gabiltza eta bestaldetik guhaun faltaz nola ez dugu phiruz-phiru desegiten! Ez dugu maite bizia! Jesus'ek maite zuen bizia: eskaini eta eman du gure bizia phiruz-phiru obratzeko! Hain handia zen Jainko Aitaren xedea eta bururaino Jesus'ek bete du bere Aitaren nahia. Ez esklabo bat bezala! Zeren esklaboak ez du eginbiderik baizik: bere nausiaren menpean bizi da, nausiak nahi duenaren egiterat bortxatua. Esklaboak ez du norbait izaiteko dretxorik! Ez da norbait bezala ezagutua eta hartua. Jesus'ek aldiz hautatzen du bere Aitaren nahia, eta hautu hortan erakusterat emaiten dauku bere libertatea. Zeren libertatea ezpaita nahi denaren egitea nahi den gisan eta nolanahika. Libertatea da gure gizon izaiteari doakion ibil-moldea: Jainko Aitaren nahia betetzea, hola baitzauku egiazki agertzen Jainko Aitaren egiazko seme, eta hola baitauku erakusten nolakoa izan behar duen gure ibil-moldeak gure gizon izaitearen osotzeko. Jainko Aitaren xedea zen bere semearen igortzea munduaren salbatzeko. Eta ez dio bere semeari bide ordoki eta lurreko bizitze goxo bat eskaini: bainan bide gogor bat eta bizitze dorpe bat! Jesus'ek ez du inztalatzeko hirriskurik ezagutu: bere etxeñoa, bere etxaldea, bere familia ttipia... Garratza izan da Jesus'ek lur huntan bete izan duen mixionea: lehenik bere bizitze ixilean erakustea lanaren balioa eta handitasuna; familiako batasuna eta ekartzen duen zoriona... Gero bere lurraldean predikatzen ibiltzea, dizipuluak egitea, apostoluak hautatzea eta moldatzea bere Elizaren eraikitzeko. Eta azkenik Pasionea sofritzea eta bere bizia kurutzean emaitea. Pazkoz piztu zen hiletarik eta zonbait asteren buruan igan bere Aitaren ondoan jartzeko.
Filipe'k, Natanael kausitu zuenean bere bidean, erran zion: "Mois'ek bere legean eta profetek aipatu duten gizona aurkitu dugu: Josepe'n seme Jesus Nazaretarra". Natanael'ek ihardoki zion: "Nazaret hortatik atera ditakea deus onik?. Filipe'k beretik: "Haugi eta ikusak!" (Joanes, I,45-46). Gaurko gizonak Natanael'en eite ba du: ez du laket itzuli-mitzuli ibiltzea! Aipatzen diotena nahi du bere beharriez entzun eta bere begiez ikusi, bereziki erlijioneko zeretan. Beharbada noizbait zerbait entzun duke aipatzen Mois eta bere legeaz, profeten zuhurtziaz! Urrunetik heldu zaizkon mintzo hauk ez ditu aije hautemaiten! Hobeki aditzen duzke Marx, Freud, Mao, Sartre, Lévi-Strauss, eta bertze...! Haize zirimolak ostoak alde guzietarat derabiltzan bezala larrazkenean, ideia berri eta gizalurrean erakitu erlijione zaharrek derabilate gaurko gizona eta daukate halako duda-muda batean. "Nazaret hortarik atera ditakea deus onik?" zion Natanael'ek. Beren duda-mudan, askok gaur diote: "Kristo'ren Eliza hortarik atera ditakea deus onik?". Jesus etzen lotsatu Natanael aditzean! Nehork etzuen uste phikondo baten pean Natanael bezalako gizon bat zagola! Bakarrik Jesus'ek jadanik zuen ikusia eta ezagutua! Phikondoak oraino ba dira eta ere... Natanael bezala pentsaketa ari direnak, beren lan-artetik, beren burua dutela bakarrik lekuko! Ikusiak eta ezagutuak ote dira? Entzuten ote dute konprenitzeko hizkuntza batean: "Zatozte eta ikus-zazue?". Gizonak maite duke egun ere phikondoaren itzala, bainan ez ote zaio hobeki heltzen bideko lagun baten mintzoa?
Jesus agertzen zauku bere bizi guzian bere Aitaren xerbitxari umila bezala. Erakusterat emaiten dauku Jainkoaren nahia egun guziez dela beti gehixago eta hobeki ezagutzen. Bainan hortakotz gure aldetik behar gira entseatu Jainkoaren nahi horren ezagutzerat. Jesus'i bezala, umil izaiterat lehiatzen balin bagira, Jainkoak ezagutaraziko dauku bere nahia. Zeren urgulutsueri Jainkoa ezpaita mintzatzen. Jainkoa ixiltzen da bihotz gogor agertzen zaizkoneri. Jainkoak maite ditu bihotz umilak, erran nahi baita bihotza beti idekirik atxikitzen diotenak. Idekia eta ez hetsia. Eztia eta ez gogorra: "Izan zaitezte bihotzez umil eta ezti".
Izan: ba da hitz huntan moimendu bat, girenetik ateratzen gaituena, sekulan ez girelakotz osotasunerat helduak. Ez dakigularik xuxen zer den gizonaren osotasuna, ez dugulakotz erraiten osoki eginak girela, helduak girela, bizkitartean gu baitan suma dezakegu beti izaiterat barnetik altxatzen gaituen indar hori. Bere eskuetarik ateratu obra luzaz begista dezakeela, bere buruaz (denaz) gizonak ez dezake deus holakorik! Izan: olde ideki bat eta mugarik gabea, bakarrik gizona higiarazten duena, hol artino jatzarrik atxikitzen! Eta berdin gizartea osotasunerat deraman oldea! Kristo'ren soa gizonari buruz, gizarteari buruz, etzen deus onik etzitakeela atera gizonatik, gizartetik, erran nahi zuen so bat! Jesus'ek ba zakien onetik ba duela gizonak, ba duela gizarteak. Ez du Jesus'ek erran Natanael'i: "Zutarik atera ditakea deus onik?" Bainan aldiz: "Filipe'k deitu aintzin ikusi zaitut phikondo baten pean zinaudela". Ez du Jesus'ek erran Israel populuari: "Zutarik atera ditakea deus onik". Bainan aldiz: "Abraham'ek deitu aintzin ikusi zaitut lurraldean eta beste populuen artetik berhexi". Ez du Jesus'ek erran gizadiari: "Zutarik atera ditakea deus onik?" Bainan aldiz: "Lurreko buruzagi, errege eta aintzindariek zatikatu aintzin, ikusia eta maitatua zindutan; filosofoek eta jakintsunek argitu aintzin argitua zindutan". Jesus'en soak gizona eta gizartea hartzen ditu beren baitan daukaten onean. Jesus'ek sinetsi du gizona baitan, eta bere bizia eman du gizadiarentzat balio zitakelakoan. Jesus'ek irakasten dauku gizona baitan dukegun esperantxa sekulan ez galtzen: gaurko gizona baitan sinesterat hertsatzen gaitu! Bere duda-mudekin, bere kestionekin, bere arrangurekin, bere ezin-egonarekin, ba du gaurko gizonak erroetarik ateratu landarearen eite: ez ote zaizko enbor zaharretik erro berriak sortzen ari?
(Segida gero: III.- FEDEA LEGEARI KOROPILATZEN DELARIK...)