MANEX ERDOZAINTZI

GURE GIRIXTINO BOKAZIOAREN ZIMENDUAK

Jakin, 17. zk., 1964, 11-17.

Diren guziak Betiereko Jainko boteretsuaren zuhurtziatik jalgiak dira. Munduaren hastapenean Jainkoak untsa egin zituen. Eta kreaturetan obrarik ederrena, bere iduriko zuen gizona, adimenez xorrotx eta bihotzez haundi. Bainan, gizona bihurtu zen bere Jainko Kreatzeilearen kontra, bere gisa nahiago zuela bizi, berak moldatu mundu hertsi batean jaun eta jainko. Horra gure lehen Burasoen bekatua. Horra gizonaren barneko eta geroztik gizonen arteko desordre eta nahasmendu guzien iturria.

Jainkoa ezbaita gu bezain gaixtoa, ezdu debalde utzi bere iduriko egin zuen gizona. Mundurat igortzen du bere Semea, gizon guzien salbatzeko, zeruko atearen deneri berriz idokitzeko. Bere Semean gizon guziak deitzen ditu bere betiereko Erresuman parte hartzerat.

1 JESUS JAINKO AITAK IGORRIA

Jesus, Jainkoaren Semeak hartzen du haragizko gorputz bat, Andre dena Maria baitan, Hogoi'ta hamar urte pasatzen ditu Nazaret'eko bere etxean. Hor du ikasi xutik ibiltzen eta eleka gizonen maneran. Hor da haunditu eta arizan maxtruguntzan, Josepe, bere Aita hazlearen sahetsean eta bere Ama, Andre dena Maria Sainduaren itzalean.

Ixiltasunean iragan dituen urte horiek ezdira ez urte hutsak: Jesus'ek nahi ukan dauka erakutsi lanaren haunditasuna eta erakaspen gisa utzi dauku lana izanen zela gure bizian gure saindutasunerateko biderik hertsiena. Ala re lana da gure bizian bure okupazionerik haundiena. Jesus'ek lanari eman dio bere balioa: lanean ariz eta lanari esker, ezdugu bakarrik guhaun burua hazten edo familia bat altxatzen, bainan ere Jainkoa ohoratzen, goresten, xerbitxatzen eta munduaren apailamenduan parte hartzen. Bere aitaren atelerian, lanean ariz pasatu urte horiek, Jesus'en gizontasuna finkatzen bezaka dute: gizonen kondizionea osoki hartu izan du, bizitzeko heien arrangurak sendituz, bere izerdiaz irabazi ogia partekatuz bere etxekoekin, oren goxoak pasatuz bere sor-herriko lagunekin, etxez-etxe lanean ibiliz. Hogoi'ta hamar urte horiek Jesusen azken urteak preparatu dituzte: hor otoitzean, bere Aitarekin juntaturik, ukan baititu zerutikako argiak eta hobeki konprenitu Zeruko Aitak galdatzen ziona.

* * *

Beste obra berri bati lotzeko, jin da tenorea... Jesus behexi da hoin maite zituen etxekoetarik eta hartu bidearen lehen bihurgunean ikusi duke bere etxea emekiño gordatzen bihotzean halako latz batekin...

Jon Doni Joanes'en Ebanjelioak dauku hobekienik erakusten nola den Jesus Jainko Aitak igorria, Jesus'ek ainitzetan aipatzen du bere Aitarekilako berdintasuna eta nola igorria den Haren nahiaren betatzeko: "Ene janaria hau da: ene igorleak zer ere nahi baitu eta haren egitea eta Harek eman lanaren obratzea" (4,34). Ezdu beste arrangurarik, igorri duen eta harekin dagon bere Aitaren nahiaren egitea baizik. "Ene burutarik ezin dezaket nik deusere egin. Entzunaren arabera jujatzen dut eta ene jujamendua zuzena da, ezdutalakotz ene gogoan egitea bilatzen, bainan bai ene Igorlearen gogoa" (5,30); "Ene Igorlea enekin dago ala bainan eta eznu bakarrik uzten, haren gogoa egiten dutalakotz beti " (8,29); "Ene manamenduak begiratuz zirezte ene amodioan egonen ni ene Aitaren manamenduak begiratuz Haren amodioan nagon bezala" (15,10). Bere erakaspena (7,16), erraiten duen guzia datorkio bere Igorlearen ganik (3,34; 5,28; 8,26): "Ene baitan sinesten duenak eznu ni sinesten, bainan bai ene Igorlea. Ni ikusten nuenak ene Igorlea du ikusten. Ni argia, mundurat etorri naiz ene baitan sinesten dutenak ilunbeetan egon ezditen. Nork ere entzuten baitu nik errana eta ez begiratzen, hura ezdut nik jujatzen; eznaiz ene munduaren jujatzerat etorria, bainan bai salbatzerat. Nork ere arbuiatzen bainu eta ezbaititu ene erranak onesten, harek ba-du nork juja: nik eman dauzuetan erakaspenak jujatuko du hura azken egunean. Ni eznaiz ezen ene burutarik mintza bainan ene Igorle Aitak daut manatu zer erran eta zertaz mintza. Eta ba-dakit harek manatuak betiereko bizitzea emaiten duela. Nik erraiten ditudanak beraz Aitak manatu bezal-bezala erraiten ditut" (12,44-50). Bere obrak ere igorri izan duenarenak dira: (5,36; 9,4; 10,37-38). Jesus igorria izan da gure salbatzeko, hari esker bizi gaitezen: "Jainkoak alabainan hainbestetaraino maitatu du mundua nun bere Seme bakarra eman baitio haren baitan sinetsiko dutenetarik nihor gal ezdadien, bainan bai betireko bizitzea ukan dezaten. Jainkoak ezen bere Semea mundurat igorri du, ez eiki munduaren galtzeko, bainan haren bidez salbatzeko" (3,16-17; cf.I Jo.,4,9,10,14). Jainko Aitak igorria eta Haren nahiaren obratzaile. Bere Aitaren ganat joaiteko tenorea etorri denean (13,1), Jesus'ek badaki bere Aitaren obra bururatua duela, eta untsa bururatua: "... Oro eginik daude..." (19,30), gizonen salbatzea eta Jainko Aitaren gorestea.

2 APOSTOLUAK JESU-KRISTO'K MUNDUAN BARNA IGORRIAK BERE OBRAREN SEGITZEKO

Jesus abiatu zelarik Paleztina'ko bideetan, hautatu eta deitu zituen lehen dizipuluak. Berekin bildu ditu, eta, ama batek bere haurrak polliki altxatzen dituen bezala, dizipuluen gogo-bihotzak Jesus'ek ikoki ditu Jainkoaren gauzetarat eta apailatu beren geroko mixionearentzat. Ordu artino hek ere, aladere, inahala egiten ziten beren bizitzekoaren segurtatzeko eta beren familiaren hazteko... Denak utzi ukan behar dituzte Jesus'i jarraikitzeko. Jesus'ek egiten ditu bere dizipulu: heien gogo-bihotzetan du ereiten bezala bere "BERRI ONA"-ren erakaspena. Jesus etzauku sabant haundi batzuen gisa agertzen idazle haundi eta elekari eder! Ezdu libururik idatzi. Ezda harrabots haundiko mintzatzaile bat izan. Bakarrik, egunean egunekoa, Jesus'ek bere solas-aldietan eta paraboletan ixuri izan du bere dizipuluen gogo-bihotzetan: egunean-eguneko hori zer zen, orai ezagutzen dugun bere erakaspen argia baizik! Eta gero, Pasioneko sofrikarioak jasan ondoan, eman du bere bizia kurutzearen gainean, eta piztu da bitorios Pasko goizean.

* * *

Jesus'ek bere dizipulu zonbait apostolu egiten ditu, erran nahi baita, bere botereak emanik igorri izan dituela munduan barna bere obraren segitzeko: "Eskubide guziak emanak izan zauzkit zeruan eta lurrean; zoazte bada, argi-zkitzue erresuma guziak eta bateia Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean, erakasten diozuetelarik nik manatu guzien begiratzen. Eta huna nun zuekin nagon egun oroz, mendeek dirauteno" (Mt.,28,18-20). Beren mixionean Jesus'ek kontsekratzen ditu, bera kontsekratua izan zen bezala, Jainko Aitari erranez: "Saindu-zkitzu egian: egia zure hitza da. Zuk mundurat igorri nuzun bezala, nik ere hauk mundurat igortzen ditut. Hauientzat saindutzen dut ene burua, egian saindu diten" (Jo.,17,17-19); bere apostolueri dio: "...Ene Aitak ni igorri nuen bezala igortzen zaituztet nik ere" (Jo.,20,21). Apostoluek beraz Jesus'en izenean dute obratzen, eta Jesus bera bezala Jainko Aitaren nahia betatzen: heieri behatzen dena, Jesus baitan Jainko Aitari da behatzen; heieri segitzen duenak, Jesus baitan, Jainko Aitari dio ihardesten: "Zueri ongi-etorri egiten dautzuenak eni daut egiten, eta eni egiten dautanak ene Igorleari dio egiten" (Mt.,10,40).

Lan gaitza diote Jesus'ek galdatzen. Apostoluek aldiz etzuten oraino gauza haundirik ulertzen. Eta heien gogoa trixte zen, ezbaitzizkaten ahantz Jesus'ek ibili azken solas-aldiak, eta heldu baitzen orena nun Jesus'ek itzuli behar baitzuen bere Aita zerukoaren ganat. Jesus'ek ezditu halere abandonatzen: "Huna nun zeukin nagon egun orena mendeek dirauteno... nik igorriko  dautzuet ene Aitak hitzemana (Izpiritu Saindua). Zaudezte beraz nirian, gainetikako indarra zuetarat jautsi arte".

"Betania'rat ereman zituen gero eta han, eskuak goititurik, benedikatu. Eta benedikatzen ari zituelarik, behexi zen heietarik eta zerurat altxatu. Hek orduan, Jesu adoratu ondoan, bozkario haunditan itzuli ziren Jerusaleme'rat. Eta handik harat tenploan ziren aldebat, Jainkoa goresten zutela eta benedikatzn" (Lk.,27,50-53).

* * *

Jesus'ek bere hitza atxiki izan du. Mendekoste egunean, Apostoluak bilduak zirela elgarrekin, bat batean zerutik jautsi zen harrabots bat haize ukaldi bat pasatzen izan balitz bezala; hek zauden etxe barne guzia bete eta inarrosi zuen. Eta agertzen ikusi zituzten suzko mihi batzu bezala; elgarretarik behexi ziren heietarik bakotxaren gainean pausatzeko (Ap.Eg.,2,2,5). Itxura ortan Izpiritu Saindua jautsi zen Apostoluen gainerat eta heien gogo-bihotzak bete zituen bere argiaz, indarraz eta dohainez.

a) Izpiritu Sainduak Apostoluen gogo-bihotzak idokitzen ditu Jesus'en obrari eta erakaspenari.

Ordu artino iduri zuken Jesus'en obran Apostoluek gauza haundirik etzuela ulertu. Orduan, bat-batean, lehenago ezagutu eta maitatu Jesus hura, gisa berri batean ezagutzen eta maitatzen dute. Ulertzen dute Jesus dela Salbatzaile bezala Jainkoak mundurat igorri izan duen bere Seme gizon egina. Ulertzen dute Jainkoaren Semeak zezakeela bakarrik bere bizia kurutzearen gainean emanez, bere Jainkoari gizaldiak zor zion erreparazionea obra eta onetsaraz. Ulertzen dute ere Jainkoaren Semeak zezakeela, bere bizia, kurutzearen gainean emanez, gizadi guzia altxa bere bekatuzko leize deitoragarritik eta berriz abiaraz agiazko zorionerateko bidean. Ulertzen dute Jesus'ek bururatu obrak dukeela gizadiaren bihotzean soraraziko itxaropenaren lore ederra. Beraz beharko zutela Jesus'en obraren mundu guziari ezagutarazteko beren bizi guzia hortan kontsekratu.

Ez bakarrik Jesus hil eta piztuaren obra, bainan ere hirur hurtez heien gogo-bihotzetan Jesus'ek erein erakaspen bizia: "Zoazte, argi-zkitzue jendalde guziak... Ikasazue nik erakutsi dautzuetanaren atxikitzen eta zuekin izanen naiz menderen mendeetan! Zuek adituko zaituztenak ni adituko nau..." Apostoluak Jesus'en manu hortaz oroitzen dira. Jesus joana da; bere Aitaren erresuman da. Iduri luke Apostoluek, beharri berri batzuekin aditzen bezala dituztela hirur urtez Jesus'ek heiekin ibili solasak, edo jende multxoen aintzinean botatu predikuak, edo, han-hemenka ateratu parabola aberatsak... Mendekoste egunean, Apostoluak ohartzen dira, Jesus'ek zoin aberats utzi dituen: harek utzi erakaspenean dute biziaren gakoa, biziaren argia "zendako giren lur huntan, norat goatzin, zer den lur huntako biziaren hel-burua, nola berma". Ez, ontasun hori ezdezakete berentzat gorderik atxik: "Zoazte, argi-zkitzue nazione guziak", horra Jesus beraren manua.

Izpiritu Saindua beren baitan dute eta argitzen ditu. Hemendik goiti, egun guziez, hobeki ikusiko dute gehiago beren begiez ikusiren ezduten Jesus; klarkiago adituko heien beharrietan gehiago sartuko ezden Haren mintzoa... Oroituko dira Jesus'en so egiteko, mintzatzeko, ibiltzeko manerez. Betania'n, piztu zuen Lazaro'ren herrian pasatzean, Jesus'en aintzinean egin haren nigarrak xukatuko, eta berriz adituko Jesus, Marta eta Maria'ren kontsolatzen: "Ni naiz Piztea eta Bizitzea" eta, azkenekotz, haren botz boteretsua: "Lazaro, zato kanporat".

Etziren Apostoluak Jesus'en oroitzapenak biziko, bainan, Izpiritu Sainduaren botereaz, heien baitan sortu Jesus berarekin: Jesus bera obran heien ebgintza guzietan; Jesus bera mintzo heien aho-mihitan; Jesus bera bere Apostoluetan Jainko Aitaren goresle eta gizonen Salbatzaile: "Eznaiz ni bizi, bainan bai Jesu-Krixto ene baitan" (Jon Doni Paulo'k).

b) Izpiritu Sainduak Apostolaren gogo-bihotzak indarrez betetzen ditu.

Mendekoste artino Apostoluak beldurti ziren: aladere ikusi zuten nola Jesus hartua izan zen, akusatua, gaizki erabilia, kondenatua eta kuretzefikatua... Jon Doni Petri'k ez bide zuen arrunt ahantzia nola bere nausia ukatu zuen, baizik-eta etzuela ezagutzen ere! Pazko goizean Jesus piztu zen eta ainitz aldiz agertu zitzaioten, heiekin egon, mintzatu, baskaldu... zerurat igan aintzin. Halere herabe ziren jendartean agertzeko, enkas zer gerta ere: ixiltasunean elgarretaratzen ziren eta otoitzean zauden Jesus'ek hitzeman Izpiritu Sainduaren haiduru.

Izpiritu Saindua heien baitalat jautsiz geroz, arrunt bestelakatuak dira. Atzo uzkur, egun jendartean agerian. Atzo ixil-ixilik nihun ez ezagun, egun sekulako kandan. Atzo gorderik, egun plaza gainean Jon Doni Petri, denen buru, osteka bildu jendeari mintzo egiazko Jainkoaz eta igorri izan daukun bere Semeaz. Iduri luke bihotz berri batekin senditzen bezala dutela munduaren miseria. Beren bihotza zabaltzen bezala dute Jesus'eraren heinerat: Jainkoaren amodioan mundu guzia maitatzerainokoan. Ez bakarrik Izraeldareri, bainan beste nazione guzieri "BERRI ONA"-k beharko du ezagurarazia izan: Jainkoak nazione guziak deitzen ditu bere Elizaren eraikitzerat, Eliza osoak adora eta maite dezan, eta gorets bere obra miresgarrietan. Erakaspen hori beren lekukotasunaz beharko dute finkatu: beren begiez ikusi dutena beren soaz ikusaraziz; beren beharriez entzun dutena beren mintzoaz entzunaraziz; beren eskuez hunki dutena beren hunkiaraziz. Eta "BERRI ONA" bere baitan untsa hartuko duenak Jainkoari dio ihardesten eta sartzen da Elizan Bateioa errezerbituz. Apostoluek Jesus beraren jestuak ereberrituz konbertitu direnen menean ezartzen dituzte Jainkoaren graziak, Gorputz Saindua eginez, ogiaren eta arnoaren gainean, Jesus'en oroitzapenetan eta hura berriz jin artino, Jesus berak erran hitzak erranez (Lk.,22,19). Bekatuak barkatzen edo atxikitzen dituzte lurrean eta zeruan (Mt.,16,19;18,18; Jo.,20,23). Eskuak hedatzen dituzte eta Izpiritu Saindua jautsarazten bere dohain guziekin (Ap.Eg.,6,6,8,17-18;13,3;19,6;I Ti.,4,14;2 Ti.,1,6). Elizaren buru dira, Jesus'ek ezarriak. Eliza bidatzen dute eta menbro guziak laguntzen Jesus'ek zabaldu bidean: Egian eta Bizian.

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons