BERRI ONA ETORRI ZAUKU
II. JAINKOAREN ERRESUMAN SARTZEA: BATEIOA
Jakin, 15. zk., 1961, 12-15. orr.
"BERRI ONA" adituetan eta gure gogo-bihotzetan hartueta, ikus dezagun nola den sartzen Jainkoaren erresuman, haren bizi ederraz gozatzeko, ikus dezagun Jesus-Krixto'k guretzat asmatu eta jarri izan duen Bateioko Sakramendua ZER den eta NOR egiten gaituen. Bateioa da Jainko Aitaren seme eta alaba, Jesu-Krixto'ren haurride, Izpiritu Sainduaren egoitza eta eliza Ama Sainduaren haur egiten gaituen Sakramendu baitezpadakoa!
Zerurat joaiteko punduan, bere inguruan Jesus'ek bildu zituen bere dizipuluak eta erran zioten: "Zoazte mundu guzian barna eta Ebanjelioa predika zazue kreatura guzieri. Nork ere sinetsiko baitu eta bateiatuko baita, hura salbatuko da; nork ere ezbaitu aldiz sinetsiko, hura galduko da" (Mark 26, 15-16).
Geroztik, bi mila urte hotan, eliza doa bere mixionea kunplituz, Jesus'ek utzi erakaspen eta manamendueri jarraikiz. Bi mila urte hotan, Elizak Bateioko Sakramendua eskaintzen eta emaiten diote "BERRI ONA" aditu izan duteneri eta "BERRI ONA"-k hunkiturik Jainkoaren erresuman sartu nahi duten guzieri, Bateioak beigitu sararazten Jainko Aitak bere Semearen HERIOTZE-PIZTEAN eraiki erresuma berrian.
Bada oroitzen zauku Jesus'ek Nikodemo'ri egin solasaldia: "Egiaz, egiaz erraiten dautzut, nehork ezin duke Jainkoaren erresuma ikus, non ezden berriz sortzen... nehor ezin ditake Jainkoaren erresuman sar, non ezden uretik eta Izpiritu-Saindu'tik berriz sortzen" (Joanes 3, 3 eta 5).
* * *
Zer atsegina haur baten sortzea familia batean! Aita-Amek ikusten dute haur sortu berri hortan beren amodioaren fruitua: nola ezdute beren amodioaz inguratzen eta berotzen! Nola ezdute orduan hobeki ulertzen beren gizon biziaren baliotasuna, ikusiz beren batasunetik sortu haurra, beren odolaz hazi bizi berria!
Ezda aski gizakizko biziaren emaitea. Girixtino kartsuek ba-dakite gizonak ba-duela beste bizirik, ba-dela Bateioak emaiten duen bizi berri bat: graziazko bizia, Jainkoaren bizia!
Bateioko Sakramendua ezda formalitate bat, asurantzen hunkitzeko bete behar ditugun formalitateen bezalakotsu zerbait. Ezda ere haurkeria zerbait. Haur sortu berri bat familia girixtino batek bateiatzerat ekartzen duelarik, urats haundi bat egiten du, urats serios bat, ezen haur ttipi horrentzat Bateioko eguna bere biziko mementorik haundienetarik bat beita. Bateioa sortze berri bat da: Jainkoaren bizia dauku Bateioak emaiten eta Jainkoaren erresuman gaitu sartzen. Bateioa egiazko sortze berri bat da: bekatuzko mundutik idokitzen gaitu eta graziazko munduan sartzen. Bateioak gizon berri egiten gaitu: egiten gaitu girixtino, erran nahi beita KRIXTO'RENA.
Horra Jesus'ek zer nahi izan duen Bateioko Sakramendua guretzat asmatzearekin. Bateioak gizon berri egiten gaitu Jesus'en HERIOTZE -PIZTEAN: gizon berri bezala behar beitugu bizi izan gure bizi osoan; ez noiztenka, bainan beti, Jesus'en izpiritua ezarriz gure gogo-bihotzetan, Bateioaz geroz Jesus'en baitan josten gaituen fedeaz argituz gure biziko harat-hunat guziak. Jesus'en eta elizaren izenean, Apezak egiten dituen jestuan eta erraiten dituen otoitzen medioz, gizon bekatorosa Jesu-Krixto'ren gorputzeko menbro bilakatzen da, Jainkoaren grazia beharko duela geroan girixtinoki bizitzeko, Jesus'en menbro bezala agertzeko. Jesus'ek bere HERIOTZE-PIZTEAN ardietsi daukun Jainkozko bizi berrian parte hartzeko, girixtino berriak Jesus'ekin bat egin behar du, bere egun guzitako bizi hortan, maiz oroituz Jesus'en sakrifizioaren gatik dela abiatu irustasunerateko bidean. Jesus'ek erraiten dauku: "Nor ere nahi beitzait ondotik etorri, harek bere buruari uko egin bezo eta bere kurutzea harturik jarraik bekit". Ardura oroitu behar dugu beraz Bateioaz geroz Jainkoarenak girela eta ezdugula gure buruaren arabera ibili behar, guhauren gisa, guhaurek nahi ginduken edo iduritzen zaukun bezala! Ezdugula guhaurek moldatu mundu hetsi batean bizi izan behar, bainan bai Jesus'ek bere HERIOTZE-PIZTEAN eraiki izan duen mundu berrian. Egun batez, zeruko erresuman, Jainkoaren ospean nahi balin ba-dugu parte hartu, oraidanik egun guziez behar dugu bizi izan Bateioan Jesus'ek emaiten daukun bizi berri horrek dauzkan eginbideen arabera. Egun guziez, behar dugu gure pentsamendu eta eleetan, gure lan eta obra guzietan girixtino izan eta agertu.
* * *
Bateioa ez da bakarrik gure bekatore kondizionetik idokitzen eta bizi berri batean sortzen gaituen Sakramendu bat. Jainkoaren ganik heldu den argiaz betetzen gaitu oraino Bateioak, ezen FEDEA emaiten beitauku.
Zer diozu eskatzen Jainkoaren Elizari, dio Apezak galdegiten bateiatzekotan denari? FEDEA. -Zer emaiten dautzu Fedeak? BETIEREKO BIZIA.
Gure bizi guzia argituko duen Fedea Bateioak dauku emaiten. Fedeak dauzkigu ulertarazten Jainko Aitak gure salbatzeko ibili amodiozko uratsak, gure saindutzeko Jainko Aitak egin eta egiten dituen obra miresgarriak. Fedeak dauzkigu beti hobeki sesiarazten Jesu-Krixto'k eman erakaspenak. Fedeak gaitu argitzen gure egun guzitako eginbide eta uratsetan. Fedeak dauku emaiten Jainkoaren alderako eta gutarteko eginbideen kunplitzeko behar dugun indar berezia. Fedeak dauku emaiten Jainkoaren alderako eta gutarteko eginbedeen kunplitzeko behar dugun indar berezia. Fedea, Jainkoak eman dohain haundi bat delakotz, arta haundi batekin behar dugu entsegatu fede horren beti ereberritzerat eta hazterat, Jesu-Krixto'k hortakotz asmatu eta egin izan dituen beste Sakramenduen medioz, bereziki Penitentziako eta Gorputz Sainduko Sakramenduez. Nola beita gure gorputza ahultzen eta nola beita emeki-emeki peritzen ez balin ba-zaio behar zion jatekua emaiten pizkortzeko eta indarren ereberritzeko, hala-hala gure Fedea ahultzen eta peritzen da ezbalin ba-da Sakramendueri esker ereberritzen eta hazten.
* * *
Elizaren izenean FEDEA eman eta, Apezak ura ixurtzen du bateiatzerat jina denaren buruaren gainean, erranez Jesu-Krixto'k galdegin bezala: "Bateiatzen hut Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean". Orduan Jesus'ek berekin hartzen du Bateiatu berria, bere biziaz eta indarrez betatzen. Bateiatuaren buruaren gainean ixuri urak erakusterat emaiten dauku nola duen Jesus'ek haren arima garbitzen bekatu orijinaletik eta beste bekatu guzietarik. Ordutik harat, bateiatua denak Jesus'ekin bat behar du izan debruari ezetz erraiteko, debruaren kontra ereman beharko duen gudukan azkar izaiteko. Jesus'ekin beharko dut izan eta agertu, saindutasunerateko bide dorpean, sekulan etsitu gabe, beti aintzina joaiteko.
Arnaud Erdozaincy-Etchart -Frantziskotarra-
Donapaleu'n 1960-ko abendoan