"BERRI ONA" ETORRI ZAUKU (JARRAIPENA)
Jakin, 14. zk., 1961, 7-10. orr.
Urte guziez munduko girixtinoek, Eguberriz, ohoratzen dute Jesus'en lurrerat etortzea. Urte guziez munduko girixtinoek, Eguberriz, beren Fedea finkatzen dute gizakentearen edestia markatu izan duen gertakari hortan. Jesus Jainkoaren Seme gizon egina! Jesus Profeten ahotik Jainkoak munduari hitzeman Salbatzailea! "BERRI ONA" etorri zauku! Jesus "BERRI ONA"-ren hedatzailea!
Lehenik, ikus dezagun NOR den Jesus'ek ezagutarazten daukun Jainkoa. Ba-gindaki ere eztauku ez kalterik eginen egiazko Jainkoaren aintzinean jartzeak, ikusteko hea gure egun guzitako bizi hortan Jesu-Krixto'ren Jainkoa dugunez maitatzen eta zerbitzatzen, ala guhauren izariko eta guhauren gisako sasi-jainko zonbeit, edo berdin guhauren burua?
Bigarrenik, ikus dezagun Bateioko Sakramendua ZER den eta NOR egin gaituen. Estea ote egia, anitzetan gutarik bakotxak bere bateioko eguna aspaldinoko egun xahar bat bezala ahanzterat utzia duela eta bateiatuak ez ba-gine bezala bizitzerat lerratuak girela?
Hirugarrenik, ikus dezagun ZER den GIRIXTINO BIZIA, oroituko gira Jesus'ek manamendu bakar bainan haundi batean bildu daukula: maita zazue Jainkoa gain-gainetik eta elgar maita zazue nihaurek maitatu zaituzten bezala. Eztea ote egia, anitzetan gure egun guzitako bizian manamendu hori bazterrerat uzten dugula: bakotxa guhaunari begira ari, elgar ezin ulertuan elgarretarik behexirik eta hetsirik?
I- JESUS'EK JAINKO AITA EZAGUTARAZTEN DAUKU
Haunditu arau, beti hobeki munduari begiratzen dugularik, barnetik begiratzen dugularik bizi giren mundu eder huni: bere mendi, zelai eta oihan nasaiekin; bere alor eta pentze lantuekin; bere hiri zabal eta lantegiekin; begiratzen dugularik zeru alderat, hango izar dirdiratsueri mundu guziak salatzen bezala dauku Jainko Kreatzailearen Haunditasun eta Soberanotasuna! Mundu guziak erraiten bezala dauku zonbat den Jainko Kreatzailea ona, ezen horiek guziak guretzat egin beititu!
Bainan nahi balin ba-dugu hobeki ezagutu NOR den munduaren Kreatzailea, NOR den gu guzien Kreatzailea, NOR den Salbamendua eskaitzen eta emaiten daukun Jainkoa, NOR den betiereko bizitzerat deitzen gaituen Jainko ona, orduan Jesus'i behar diogu begiratu. Jondoni Joanes'ek erraiten dauku: "hainbestetaraino gaitu Jainko Aitak maitatu nun bere Seme Bakarra igorri baitauku". "Zatozte ene ganat, nekatu eta lehertuak zirezten guziak, eta nik pizkortuko zaituztet. Ene uztarria har zazue soinean, eta nitarik gakizue eztia naizela eta bihotzez umila, eta kausituko duzue arimako bakea; ezen ene uztarria gozoa da, eta arina ene zama" (Math. 14, 28-29).
Bere dizipuluekin eleka arizen batez, Filipe apostoluak Jesus'i erran zion: "erakuts zaguzu Aita eta aski zauku". Ez ote dea gure barne gordean, nahigabe eta sofrikarioen pizua bizkarrean senditzen dugularik, ez ote dea hoin usu Jesus'i egiten diogun ber oihua: "erakuts zaguzu beti gure Aita zeruetan dena?"
Ezagutzen dukegu Jesus'ek eman errantzuna: "Felipe, nork ere ikusten bainu, harek ikusten du aita". Bestalde, oroitzen zauzkigu Jesus'ek atxiki solas-aldi hok: "Ene Aitak eni eman dauzkit ere. Eta nehork eztaki Semearen berri, Aitak baizik; ez-eta nehork Aitaren berri, Semeak baizik, eta Semeak argitu nahi duen harek baizik" (Luk 1, 22).
Erran bat da: bide guziek Erromarat daramatela! Bainan Egiazko Jainkoaren, Bizia daukan Jainkoaren, Jainko Aitaren ezagutzeko ezta bide bat baizik, Berak hartu izan duena: JESUS-KRIXTO. Ni naiz Bidea, Ni naiz Egia, Ni naiz Bizia... dauku Jesus'ek erraiten lehen bezain finki.
Jondoni Joanes'ek aitortzen dauku bere Ebanjelioaren hastapenean: "Haste-hastean ba-zen Hitza, eta Hitza Jainkoaren baitan zen, eta Hitza Jainko zen. Jainkoaren baitan zen haste-hastean. Diren guziak harek eginik dira, eta eginetarik deusere ezta hura gabe egin. Haren baitan zen bizitzea, eta bizitzea zen gizonen argia... Eta Hitza haragi egin da eta egon gutartean. Eta ikusi dugu haren distira, graziaz eta egiaz beterikako Seme bakarrak Aitaren ganik daukan distira" (Joanes 1, 1-4; 14).
Horra Jainko Aitak hartu izan duen bidea, erakusterat emaiten baitauku zoin hurran nahi duen izan berak kreatu gizonen artean. Bizia daukan Jainkoa nahi balin ba-dugu ezagutu, horra guhaurek hartu beharko dugun bide bakarra. Jesu-Krixto behar dugu ezagutu, ondotik eta barnetik, ezen Jesus'en baitan beititu hartu gure iduriko bertaite eta manerak. Behar da beraz Jesu-Krixto ezagutu:
- Jainko Aitaren aintzinean izaiteko eta ibiltzeko bere maneretan;
- Jainko Aitaz mintzatzeko berre maneran;
- Jainko Aitaren ospez bere bizitzeko eta hiltzeko< maneran.
Gisa hortan Jesu-Krixto bera aurkituz, azkatasun osoan, hobeki dukegu ere aurkituko gure Jainko Aita. Gisa hortan gira ere, emeki-emeki, beti barnago sartuko Jainko Aitaren mixterioan.
- Jesus pobreak ezagutarazten dauku Jainkoa eztela nagusi zikoitz bat, bainan behar ditugun guziak nasaiki emaiten dauzkigun Aita aberats bat.
- Jesus umilak erakusterat emaiten dauku Jainkoa eztela tirano bat, bainan gain-gainetik berak kreatu guziak, eta bereziki bere iduriko moldatu gizona errespetatzen dituen Jainko guziz amultsu bat.
- Jesus urrikalmendutsuak salatzen dauku Jainko Aitak eztuela nahi bekatorosen herioa, bainan nahi diola barkatu. Jesus'ek eztaukuia garbiki erraiten: eniz jina osagarri onean direnentzat, bainan bai bekatuaz eri derenentzat; enaiz jina mundu huntan asean direnentzat, bainan bai zuzentasuna eta egia bilatzen dutenentzat; jina naiz Jainkoaz gose eta egarri direnentzat.
- Kurutzearen gaineraino obedient agertu izan den Jesus'ek erakusterat emaiten dauku zonbat den Jainkoa dena Amodio. Bere biziaren sakrifizioaz, bekatorosen salbamendua bururatu aintzin, Jesus'ek ez ote zuen otoitz hau egin bere Aitari: "Aita zuzena, munduak etzaitu ezagutzen; nik bai ezagutzen zaitut eta hauiek ba-dakite zuk igorria naizela. Zure izena ezagutarazi diotet, bai eta oraino ezagutaraziko, zuk enetzat duzun amodioa hauien baitan izan dadien eta ni ere hauietan nadien izan" (Joanes 17, 25-26).
- Jesus piztuak ezagutarazten dauku Jainkoak daukala bizia, bere bizia daukula eskaintzen eta emaiten burrustan. Pazko goizean Jesus piztua Jainko Aitaren botereaz: horra zer dion emaiten Jainko Aitak bere Semeari, lur huntako bere bizian hoin haundizki ohoratu eta maitatu izan duelakotz, eta bururain kunplitu izan beitu bere Aitaren xede haundia, gizon guzien salbatzea bere HERIOTZE-PIZTEAN.
* * *
Jondoni Joanes'ek erraiten dauku, Jainko batek zaukula Jainkoa ezagutarazten ahal. Ez ote gindezake erran, Jainko batek zuela Jainkoa osoki maitatzen ahal? Jainko batek zaukula ere erakusten ahal Jainko Aita nola maita? Jesus da gure bide bakarra. Jesus'ek dauku hobekienik ezagutaraziko NOR den bizitzerat deitu eta egun guziez deitzen gaituen Jainko Aita. Jesus'ek dauzkigu hobekienik ulertaraziko Jainkoak amodioz gura gatik ibili uratsak eta guretzat egin izan dituen eta beti egiten dituen obra miresgarriak. Jesus'ek gaitu sararaziko Jainko Aitak eraiki mundu berrian, graziazko munduan. Jesus'ek dauku erakutsiko gure aldetik nola amodioz ihardets Jainko Aitaren amodiozko deiari. Hortakotz Jesus'i behar dugu jarraiki, Haren erraneri behatuz, Berak eman manamenduak kunplituz, utzirik bazterrerat gure baitan sortu mila estakuruak. Bere dizipulueri egun batez erraiten ziotena guri ere erraiten dauku ber seriostasunarekin: "Ene baitan sinesten duenak eznu ni sinesten, bainan bai ere Igorlea. Ni ikusten nuenak ere Igorlea du ikusten. Ni argia, mundurat etorri naiz ene baitan sinesten dutenak ilunbeetan egon ez diten. Nork ere entzuten baitu nik errana eta ez begiratzen, hura ezdut nik jujatzen; eznaiz ezen munduaren jujatzerat etorria, bainan bai salbatzerat. Nork ere arbuiatzen bainu eta ezbaititu ene erranak onesten, harek ba-du nor juja: nik eman dautzuetan erakaspenak jujatuko du hura azken eginean. Ni eznaiz ezen ene burutarik mintzo, bainan ene Igorle Aitak daut manatu zer erran eta zertaz mintza. Eta ba-dakit harek manatuak betiereko bizitzea emaiten duela. Nik erraiten ditudanak beraz Aitak manatu bezal-bezala erraiten ditut" anes 12, 44-50).
* * *
Jesus da gutarteraino jeusteko Jainko Aitak hartu izan duen bidea.
Jesus da Jainko Aitaren ganateko hartu beharko dugun bidea.
Jesus baitan, Jainko Aitarekin elgar aurkitzen dugu eta maitatzen.
Izan gaiten beraz Jesus'ekin osoki bat: Harekin bat izanen gorets eta goraipe dezagun beti gure gogo-bihotzetan eta gure biziko obra guzietan Jainko Aitaren Amodioa, haunditasuna eta saindutasuna.
JAINKO AITA:
Erabil bedi sinduki zure Izena,
Etor bedi zure Erresuma
Egin bedi zure Nahia
zeruan bezala lurrean ere,
gizon guzien gogo-bihotzetan.