MANEX ERDOZAINTZI

"BERRI ONA" ETORRI ZAUKU (jarraipena)

Jakin, 12. zk., 1960, 19-23. orr.

II.- ABRAHAM FEDEDUNEN AITA

Jainkoak Abraham'i erran zion:

 

"Jangi zaite zuer lurraldetik, zure aberritik;

eta, zure aitaren etxetik;

eta, zoaz erakutsiko dautzutan luralderat."

(Asiera, 12-1)

Nork dezake ez ikusiarena egin Jainkoaren soa bere soan barna landatua sendituz geroz? Nork dezake ez entzunarena egin Jainkoaren mintzoa bere barne gordean finki adituz geroz? Alta Abraham'ek baluzke mila estakuru Jainkoaren soari ihes joaiteko! Baluzke mila arrazoin Jainkoaren mintzoaren ez ezagutzeko eta Haren manuari ez ihardesteko! Eztu haurrik. Bizkitartean ezta ere bakarrik. Badu familia bat eta bere bizia emazte batekin josia dauka. Ba-ditu mutilak bere ontasunen ibiltzeko, bere artaldearen artatzeko. Ba-du anitz adixkide: nork eztu ezagutzen "Abraham", Hammurabi erregeak aberastu Ur Kaldea'ko hiri nagusian?

Horra Jainkoaren dei zorrotza: "Jalgi zaite..." Utzirik zure lurraldea, zure familiako goxotasuna, zure bizi aijeta. Horra Jainkoaren manua: "Zoaz..." Bainan zendako? Bakarrik ene deiari ihardesteko. Baina norat?: "...Erakutsiko dautzutan lurralderat".

* * *

Jainkoak Abraham'i agindu zion:

"Herri haundi baten buru jarriko zaitut;

Onetsiko zaitut, eta zure izena haundituko dut;

eta zure izena onets-lelo izango da."

(Asiera, 12,2)

Abraham abiatzen da, bere sor-harria utzirik. Abiatzen jakingabe xuxen norat doan. Ba-daki bakarrik Jainkoak bere soaz inguratzen eta begiratzen duela. Ba-doa Jainkoak eman hitzean bermu. Denak utzirik, bizi berri batean sorturik, emeki-emeki barnago sartzeko. Fedeak argiturik munduko illunpeen erdian. Gibelerat so egin gabe: "goldeari eskuz lotu eta gibelerat beha dagona ezta on Jainkoaren erresumakotzat" (Luk,9,62). Eta zoan, aintzina, goiz guziez hartuz gauaz Jainkoak zabaldu bide berrian, Sara bere emaztearekin. Lot bere illobarekin, bere sehiekin ta bere artalde guziekin. Kanaan'eko eskualdean kokatu ziren.

* * *

Jainkoa dena dei eta manu ote dea bakarrik? Ez ote du bere hitza atxikitzen? Thai gabe harat-hunat beharko ote du ibilli Abraham'ek Kanaan'eko leihorrean barna? Egiptoko eremuetan gaindi? Eta berriz Kanaan'en gelditzeko? Noiz duke gozaturen ahalko iruzkiaren beroa?

Jainkoak Abraham'i seme bat agindu zion, Sodoma eta Gomorra suntsituak izan aintzin. Abraham'ek bere emaztea "ezagutu" zuen lehen aldikotz bezala amodio berri batean. Eta Sara, bere emazteak, haur bat sortu zion bere zahartasunean; deitu zuten ISAAK.

Sortze hunek erakusterat emaiten dauku Salbamenduaren Edestia dena dohain dela, dena grazia, Jainkoak ez du ahanzten eman hitza. Jainkoak atxikitzen ditu bere agintzak. Jainkoa Sara'z "oroitzen" da, bestaldi batez Rebeka eta Raxel'etaz oroituko den bezala (Asi.,25,21-23;30,22), Anne'taz (I Sam.,1,19) eta Elisabet'ez (Luk.,1,25) eginen den bezala. Isaak mirakuiluaren umea! Jainko Bakarraren baitan Abraham'ek bere fedea ereberritu zuen, ikustearekin Jainkoaren hitza betea; ikusiz bere leiñua segurtatua; ikusiz Jainkoa leial dagola bere agintzan.

* * *

Bainan, Jainkoak noz du sekulan utzi pausatzerat? Alta, gure iduriko segurik, Abraham'ek ba-zuken aski arrazoin istant bat hatsaren hartzeko. Eta ez. Jainkoarekin lanean hasiz geroz, ezta pausatzerik. Fedeak aintzina bultzazen gaitu. Jainkoak berak nahi gaitu Berari josten gaituen fede azkar batean beti barnago landatu. Horra zertako Jainkoak nahi izan zuen Abraham bere hautetsiaren fedea frogatu. Huna zer manatu zion:

"Isaak, zure seme bakar eta maitea hartu eta, zoaz Moria alderat;

eta, han, erranen dautzutan mendi baten bainean,  sakrifikatuko dautazu!"

                                                 (Asi.,22,2)

Zer dio bada Jainkoak galdegiten? Abraham'ek eman diozka bere sor-herria, zeraman bere bizi baketsua, bere ahaide eta adixkideak? Hoinbeste luzaz ibili da, harat-hunat, ezagutzen etzituen leihorretan gaindi! Eta orai, bere seme maitea diola Jainkoak beretzat eskatzen? Bainan? Jainkoak berak agindu eta eman seme bakarra, bere leinuaren segurtamena?

Abraham fededunak ba-daki Jainkoak ba-dituela bere xede gordeak: emeki-emeki ditu salatzen ihardesten dionari. Abraham zintzoak ba-daki Jainkoak ba-dituela bere gisako xendera bihurriak: han gaindi ditu bidatzen bere hautetsiak. Abraham'ek ba-du fede sendo bat.

Goiz-goizetik jeiki zen eta bideari lotu Isaak bere seme eta bi xerbitxariekin. Berekin, ondotik, asto bat egurrez kargatua, eta eskuetan zeramantzala suarekilako untzia eta ezpata. Hiru egunez, ixil-ixila, aita-semek egin zuten bide Moria'ko mendiraino. Xerbitxariak mendiaren zolan utzirik, abiatu ziren mendian gora. Isaak'ek bere aitari galde hau egin zion: "Ene Aita..., sua eta egurra ba-ditugu, bainan bildotx sakrifikatu beharra nun dago?" Abraham'ek bere semeari ihardetsi zion: "Haurra, hura Jainkoak hautatuko dik!..." Eta biak beti aintzina zoatzin bide luzean peti-gora.

Mendiaren kaskoan Abraham'ek aldare bat eraiki zuen eta gainean egurra metaturik, Isaak estekatu, ezpata ukaldi batez hiltzeko. Orduan, besoa altxatu zueneko, Jainkoaren aingeruak oihu egin zion zerutik: "Abraham, Abraham... ez minik egin haur horri. Jainkoak ba-daki orai Haren beldurra ba-duzula, Haren nahiari obeditzeko zure semea hil nahi izan duzunaz geroz!" Abraham'ek alde guzietarat so egin zuen eta bere gibelean ahari bat ikusi, sasi bati adarretarik lotua. Hartu zuen, eta, bere semearen ordez Jainkoari sakrifiziotzat eskeini.

Jainkoaren aingeruak Abraham'i erran zion:

"Zure seme bakarra hola eskaini dautazunaz, benedikatuko  zaitut:

Zure leinua emendatuko dut zeruko izarrak bezala,

itsas-bazterreko hare pikorrak bezala, eta lurreko gizaki guziak benedikatuak izanen dira zure ganik mundurat etorriko dena baitan!"

                                                  (Asi., 22,1-24)

* * *

"ABRAHAM..." Horra Jainkoaren deia! "JALGI ZAITE... ZOAZ..." Horra jainkoaren manua. Horra fedearen zorroztasuna. Jalgi zure baitarik eta zure baitan estekan atxikitzen zaituzten guzietarik: Zure lurraldetik, zure etxondotik, zure adixkideen ingurumenetik. Jalgi... Jainkoak eskaitzen dautzun erresuman sartzeko. Uono barnago danik jalgi: zure arranguratarik, zure ideietarik, funtsean zure gisa bizitzeko menetarik. Jalgi... deitzen zaituen Jainkoaren alde itzultzeko: Haren arranguretan sartzeko, Haren ideien hartzeko, Haren obren hasteko. Nola beitzen Abraham gizon zuzena, Jainkoak zuen hautetsi. Eta Abraham'ek Jainkoaren deia entzun du eta ulertu Haren elea. Munduan hastapenean, gure lehen burasoek aditu zuten Jainkoaren mintzoa bainan Haren elea ez ulertu: gogo-bihotzak zituzten lurrari eta berenari soberaxko josiak. Eta orduan... ez ditake Jainkoa ikus eta adi! Eta orduan... gertatu beharra gertatu: berek asmatu mundu koxkor hetxi batean botatu izan dute gizakente osoa. Abraham'ek fededunak ihardetsi izan du Jainkoari eta Jainkoak asmatu mundu berri batean abiarazi gizakente osoa.

ZOAZ...ABRAHAM...BERRI ONAREN JABE. Zoaz munduko bideetan gizakente osoari helaraziz Berri Onaren mezua: Jainkoa bakarra giza lurreraino ukurtu izan dela eta hasi bere eskuaz mundu berri baten orhatzen eta loldatzen. "... Eta lurreko gizaki guziak benedikatuak izanen dira zure ganik mundurat etorriko dena baitan!" Abraham, zuen Aitaren uratsean... zoazte: ISAAK, JAKOBE eta FEDEAN egon bermu: sor dadien "ISRAEL" Jainkoaren gizakia.

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons