MANEX ERDOZAINTZI

HAURRIDE BERTSOLARIAK,
ZUERI BEGIRA DAGO ESKUALDUN JENDEA!

Gure Herria, 6. zk., 1959ko abendua, 337. or.

Eskualdun haurride maiteak,

Eskuararen egun haundi huntan, apez eskualtzale ezagutu batek behar zautzueten mintzatu: Charritton Eskualdun Gazteriaren omonierak. Ez jin ahal izanez, huna nun galdatu dautan eginbide haundi horren betatzea. Ez gira ez gaizki usatuak, San Frantses Assisa'koaren semeak! Norat nahi joaiteko prest, ez izana gatik ere jakintsun haundi!... Zer nahi lanetako on, ez izana gatik ere jende abil eta trebe hetarik!... Nun ere behar baita Jainkoa goretsi eta kantatu... Nun ere benar baita giza-semeen bihotzetan amodio xorta bai ixuri... harat goatzi bihotza alegera eta bertsoa ezpainetan...

Eskuararen egun haundi huntan, heldu nitzaizue bihotza alegera Jainkoaz beterik... Heldu nitzaizue bertsoa ezpainetan eta amodioz kantari... "Agur" dautzuet erraiten Urruņako eskualdun haurride maiteak... "Ongi etorri" dautzuet erraiten, Eskual-Herri guzitik jin zirezten bertsolari haurride maiteak... Eta deneri diozuet erraiten: egun haundi huntan elgarrekin dezagun kanta alegeraki gure Eskual-Herria, gure egoitza eta bizi-lekua! Elgarrekin goraki dezagun gorets gure eskuara, gure gogoaren hatsa eta gure bihotzaren mintzoa!

Hamabost urtez ene Eskual-Herritik kanpo haunditu eta bizi izana gatik, etzaitut ahantzi. Eskual-Herria, Eskualdunen Lurra, ene sor-herria, zu zaitut maitatu Frantzia'n gaindi nindoalarik herri batetik beste batetarat ene ikasteen egiteko... Eskuara, ene Amak haurrean erakutsi eskuara, ene mintzaira, zu zaitut beti hobeki eta osoki maitatu... Bertsolari haurrideak, ene haurrideak, zuek dautazue salatu Eskual-Herriaren edertasuna; zuek dautazue hel-arazi eskual mintzoaren dei eztia, dei samurra! Egun, goraki aitortzen dautzuet zuen bertsoek dautela piztu ene barne gordean Eskual-Herriaren eta eskuararen alderako amodio beroa. Onart-kitzue ene eskerrik kartsuenak.

Egun nahi dautzuet erran, Eskual-Herriko eskualdun guzien izenean: zueri begira dago eskualdun jendea. Egun nahi dautzuet erran, munduko leihorretan barna kokatuak diren eskualdun seme guzien izanean: zueri begira dago eskualdun jendea.

Zer bada bilatzen du zuetarik?

Duela ehun bat urte pasaturik, mundu berri bat sortzen hasi da, jakintsunek asmatu teknika berrieri esker. Geroztik, geroago eta gehiago teknika berriak sartu eta hedatu izan dira bazter guzietan, hirietako eta kanpaņetako bizi-moldeak, ohidurak emeki-emeki kanbiatuz. Ber denboran mentalitate berri bat agertu da teknika berriari datxikola, teknika mendeko gizonaren pensatzeko, jujatzeko eta ibiltzeko manerak erabakitzen dituela. Hainbestetaraino nun, bere kaskoaz eta bere besoez, gizona teknikaren jabe dagola, orai bizi giren mundu huni behatuz, beldurtzeko beita hea, ororen buruan, teknika bera gizonari eztenez ote oldartuko eta hagusituko? Beldurtzeko baita hea teknikak, gizona bere gogo bihotzetan, eztuenez ote emeki-emeki hustuko bere gizontasunaz eta gizona hazten duen Jainkozko biziaz? Beldurtzeko beita hea gizonak teknika berrian bere sinestea eztuenez ote ezarriko, berak asmatu teknika hori bera baino azkarrago, indartsuago aurkituko duelakoan? Jainkoak ez luke orduan lekurik gizonen gogo bihotzetan! Eta gizonak balukeia ote lekurik berak asmatu mundu berri hertsian?

Eskual-Herria ez ditake mutur egon teknika berriak ekartzen diozkan errextasuneri. Arrazoinekin! Bainan aintzinetik ongi ikus nola eta zertarat berma. Eskualdun jendea ez ditake itsu egon munduaren moimendu berriari. Arrazoinekin! Bainan ongi kasu egin ez dadien lillura. Mundu berri baten oldarrean, Eskual-Herri berri baten altxatzekotan, eskualdun jendeak bere gogo bihotzak behar ditu atxiki zabal eta erne.

Gogoak ez dezake ukan mugarik. Gure gogoa dugu behar zabaldu eta biziaren oldeari erne atxiki. Gure gogoak behar du izan munduaren izariko edo, hobeki, munduaren izaria baino doi bat haundiago, mundua bere osotasunean jasaiteko gisan, Jainkozko so batez, gizon eta gertakarien behatzeko, inguratzeko eta xuxen jujatzeko gisan. Munduaren izaria baino doi bat haundiago, munduaz itoa ez izaitekotz; bere libertatearen jabe egoiteko eta Jainkoaren erakaspenaren arabera bere izaitea osatzeko gisan. Ezen gure arrangurarik premiatsuena, gure griņarik saminena beita gizonaren salbatzea atomikaren mendean eta, bereziki, gure sor-herrian eskual jendearen salbatzea.

Horra zertako, Jaun bertsolariak, zueri begira dagon eskualdun jendea!

Zuen bokazioneaz, zuek ere beituzue haundizki parte hartzen eskual arimen molda sailean, eskual jendearen salbamenduan.

Laborariak maite du bere lurra. Haunditu arau, laborari seme gaztea, bere etxaldeko lurreraino nola ezta ukurtzen! Nola ezta sartzen bere lur poxiak dauzkan segeretuetan barna! Nola eztu bere ahurrean bere izerdiaz busti lurra perekatzen bere adixkide bat harpegia bezala! Nola eztu bere hatsaz berotzen egun guziez bere bizitzekoa eskaintzen dion lur aberatsa, lur gizena!

Bertsolariak maite du giza-lur aberatsa. Haunditu arau, adimendua jatzartu arau, bertsolari gaztea nola ezta ukurtzen bere herriko, bere munduko giza-lurreraino! Hatsarrean herabe aireņo batekin segurki bainan zoin polliki eta zonbat amoiorekin! Nola ezta sartzen arimen eremu gordeetan barna, xendera bihurrietan gaindi beitoa ikerka! Nola ez ditu bere bihotzean jasaiten hor gaindi senditu eta bildu bere haurrideen arrangura, amets, zorigaitz, nigar eta bozkarioak! Nola ez doa gero bihotz zaurtuetan ixuriz amodio xorta beroa!

Eskual-Herriko bideetan, Eskual-Herriko estatu eta plazetan, munduko leihorretan gaindi... doa eskualdun bertsolaria, ixuriz bihotzetan, bere haurridek eskatzen dioten amodio xorta beroa; ixil-ixilik, segeretuan, bere haurridek eskatzen diozkaten sustengu eta argiak... Dio berrtsolariak:

Kantu eginez laudatzen dut nik Jainkoaren ontasuna!

Kantu eginez kontsolatzen dut trixte nigarrez dagona.

Kantu eginez ahantz-arazten dakot zorigaitz iluna,

Solas idorrak baino hobeki kantua baita entzuna!

(Harrixabal)

Arbolarik ederrena ezta ez arranguratzen norentzat duzken bere fruituak, eskaintzen ditu bakarrik: gero bakotxak aurki dezala berari doakion hazkurri joria.

Bertsolariak ere eztu ez arranguratzerik norentzat egin bere bertsoak, norentzat kanta... Doala beti aintzina bere bidean...

Goiz-argi hurrupa, hego-aize bil...

Kantuz, pertsuz, oihuz, gainez-gain ibil:

Egunaz ez bara, gauaz ez ixil.

(Iratzeder)

Ihardets dezala bere baitan Jainkoak ezarri dohainen arabera. Ihardets dezala bere jite eta jeinu berezien arabera. Ihardets dezala bere baitan entzun dei gordeari. Eskualdun arimek badukete nun nola ase beren goiko-biziaren gosea.

Mundu berri huntan, Eskual-Herri berri baten altxatzekotan, Bertsolari haurrideak, zueri begira dago eskualdun jendea. Zer lizateke Eskual-Herria bertsolaririk gabe? Jainkoak deitzen zaituzte eskual gogo bihotzen apaintzeko eta goratzeko. Ez etsi! Maita zuen bokazione ederra. Maita Eskual-Herria. Maita gurea den eskuara. Maita eskualdun jendea. Eskual bihotzetan barna, adi-araz bizitzerat deitzen gaituen Jainko Aitaren amodiozko deia. Eskual bihotzetan barna, ixur amodio-xorta gozoa denek elgar maita dezagun.

Ene mintzaldia bururatzen dut, Nikolas Ormaetxea, Gipuzkoar olerkari haundiaren bertso hotan:

Ez bahaiz, eskualduna,

Lehen bezin handi,

Apaldu gabe, txutik

Bederen ego-adi,

Odolez eta fedez

Beri berdin garbi,

Beti tink, atxikia

Hire eskuarari.

Zuri gaude otoitzez,

Jaungoiko maitea!

Lagun zazu zerutik

Eskualdun jendea,

Begira dugun beti

Lehenengo fedea,

Zor zaizkon zuzenekin

Ardiets bakea!

P. Arnaud ERDOZAINCY

<< Artikuluen zerrendara itzuli

Gipuzkoa.net
2011 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Creative Commons