"BERRI ONA" ETORRI ZAUKU
Jakin, 10. zk., 1959,19-27. orr.
Lurraren gainean bizi giren giza-seme guziek moldatzen dugu kreatura guzien artean batasun berezi bat deitzen duguna: GIZAKENTEA. Gizakente horrek, bere hastapenetik oraierat, ba-du iraganpen bat deitzen duguna: IXTORIO edo EDESTIA, mendez-mende giza-semek eta gizakiek ibili uratsen berri eta heien gogai, bizi-molde, aztura eta ohidura berezien berri emaiten daukuna. Bereziki, hogoigarren mende huntan, gure jakintsun xorrotxek, arta haundirekin, argitaratu dituzte aintzunuoko mende ilunak. gisa hortan, hobekiago bezik eztugu ezagutzen gizakentearen iraganpena eta dauzkan erakaspenak, geroari buruz argitasunekin jokatzeko.
I.- ZER GISAZ AIPA EDESTI SAINDUA?
Ba-dakigu, guhauren esperientziaz, gizonak bere baitan dakarkala arrangura bat: Jainko-arrangura, teologilariek deitzen dutena erlijio sendimendua, Jainkoaren bila bultzatzen gaituena eta Hari lotzen bezala, beharretan giren begirale bati bezala, Sendimendu horren jabaltzeko, satifatzeko, ditu gizonak asmatu bere gisako jainko suerte guziak eta adoratu munduan diren "ZER" indartsu asko. Horrela dira sortu, haunditu eta hedatu oraino hoin azkar aurkitzen ditugun erlijione motak, hala nola: Budismoa, Hinduismoa, Islamoa, Xina ta Japoniako erlijione bereziak, Afrika'koak... Adimena jatzar arau, jakitate gosea du gizonak senditzen bere baitan, gogoan moldatzen zazkola zonbeit galditza: zer gisaz eta zendako mundurat etorri den; norat doan; zer arrazoin duen bere bizitzeak izaiteko.
Gure gaietik ez baztertzeagatik, ezditugu ikertuko mendez-mende hain liferentki gizonak asmatu izan dituen ihardespenak, kestione hoieri eta beste anitzeri buruz. Behar litake anitz jakitate, anitz xehetasun... Bakarrik ikus dezagun girixtino erakaspenak zer dion. Ikasi izan dugu Edesti Saindua kundatzen daukun Biblo liburua irakurtuz eta ikertuz, munduan den EGIARIK HAUNDIENA. Gizakiak, mendere-mendeetan, zabiltzan Jainkoaren bila. Beren bidaia luzean, Jainkoak prestatzen zituen bere hitzaren aditzerat, bere mintzoaren ezagutzerat. Moldatzen zituen heien begiak zabalduz, heien beharriak idokiz, heien arima oratuz bere amodioan. Gizakente guzia, mila bidetarik, haztamuka, zoan mendeen bidean Egiazko Jainkoaren bila, uste etzuelarik, Jainkoak berak bidaturik. Gizakente guzia Jainko bila, itsu bat argi alde doan bezela argiak berak deiturik. Ezta erraitearen beharrik, gizakentearen ibilpen hori eztela guk uste ginduken bezain errexki egin. Bere ahulezian, trenpu gaxtoan den gizona doan bezala, ahal nolaka bide hertsian, eskuin ezker, behaztopatuz: halaber gizakentea Jainkorateko bide ilunean. Orai ere gizakentea ba-doa beti bere bidean, ilunpeetarik jalgiz bizia daukan argiaren bila. Argiak beitauka bizia agerian.
Eta nola, bere iduriko, Jainkoak nahi izan beitu gizona kreatu libro, emandako bere kontra bihurtzeko ahala ikaragarria. Ez segurki nahi zuelakoan bere kontra bihur zadien. Bainan nahi zuelakotz, berak azkatasun osoan kreatu zuen bezala, bere alde itzul zadien amodiozko urats batean, azkatasun osoan. Nahi zituen guziak bazituen, munduaren nagusi jarri beitzuen Kreatzaileak. Beretzat nahi zituen guziak, nahi zituen bezanbat. Lurra bere besoez jasaiteko; bere eskuez ikertzeko eta lantzeko. Zeru, mendi, zelaiak, pentze nasai, loretsu... begien goxatzeko. Xorien kantuak zuhaitz kaskoetan, sasipe gordeetan... beharrien xoratzeko. Abere suerte guzietarik, berak eman izenekin, bere nagusitasunaren finkatzeko. Bere adimena eta bihotza Jainko Kreatzailearen maitatzeko, mundu guziarekin goresteko. Lurretik Jainkoak sorarazi gizona (Adam), lurraren erdian landatua, kreatura guziekin izaiteko Jainko Kreatzailearen goresle, azkatasun osoan. Jainkoaren iduriko: adimenez argi, bihotzez amodio, Kreatura guzien artean, Adam, xutik landatua, burua gora, sos xorrotx. Adam, kreatura guzien nagusi lehen Jainkoak jarria, haundi, eder, boteretsu (Asiera 1, 26-31; 2,7-24).
Bainan gizonak eztu jakin bere askatasunaz ongi baliatzen: huna nun bere Jainkoaren kontra bihurtu den, oldar gaitz batean. Satan'en mintzoa aditu baitzuen eta behatu: zer diozue? Kreatzaileak holakorik aipatu dauzuela? Emazue otoi hortik bakea. Ezditake holakorik. Utz bazterrerat otoi Jainkoaren errana. Izan zaizte zihauren Jainko, eta mana mundua zihaurien ideien arabera. Har mundua errotik eskutan, zihaurentzat. izan zihauren buruaren eta munduaren jabe bakar. Hori beita azkatasun osorateko bide bakarra. Orduan dukezue Jainkoaren jakitatea. Eskutan dukezue betikotza egiazko zoriona (Asiera 3, 1-6).
Gizonak Jainkoaren uratsa ezagutu zuen bere sahetsean eta aditu Jainkoaren mintzoa: "...Hire emaztearen mintzoa behatu beituk, ez jateko agindu naukan zuhaitzetik jan dukanaz gero, lurra hire gatik gaiztetsia izanen duk; nekearen-nekez aterako duk hartarik hazkurria, hire biziko egun guziez; saparrondo eta laharrak ekarriko dauzkik, eta landako belarra janen duk.Hire bertaiteko izerdiaz janen duk ogia; lurretik sortua haizenaz, lurrerat itzuliko haiz; hautsa haiz, eta hauts bihurtuko haiz" (Asiera 3, 17-19). Geroztik gizakente osoak, bihotzean dauka bekatuaren kolpea. Aintzina doa, bere bizi bidean, lurrari herrestan bezala, ezin xutituz, deika...
Amodiozko Jainkoak etzezaken debalde utz bere eskuez moldatu gizona. Xede berri bat asmatu izan du gizonari eskaintzeko salbamendua. Xede horren obratzeko hautatu izan du lurraren gainean agertu ziren gizakien artean gizaki bat, Israel deitu zuena. Lehen eta azken aldikotz ere, gizakentearen edestian, gizaki bat hautetsia izan dela beste guzien artean, Jainkoaren goi-agerpenaren (eraiteko) izaiteko. Gizaki xume bat, gizaki haundien artean galdua, harat hunarakatua heien basa oldarrean. Israel hautetsia Jainkoaren xede haundiaren obratzeko. Gertakari baitezpadakoa gizakentearen edestian, gehiago agituko eztena: Jainkoa mintzo gizonari erraiteko "NOR" den eta "ZER" duen egingo; Jainko bila doan gizonari ezagurarazteko gizona "NOR" den eta "ZER" duen egin beharko Jainkoarekilako amodiozko batasunean sartzeko. Salbamendua eskaintzen duen Jainko amodiozkoa. Jainko bakarra, lehena eta azkena, betierakoa, gauza guzien Kreatzaile eta Nagusi soberanoa:
"Mendiak sortu baino lehen,
Eta ortzi-lurrak sortu baino lehenago,
Betiko aspaldinotik bizi zira Zu, Jainkoa"
(Er. 90,2)
Mundua eta gizonak denborarekin kanbiatzen direlarik, sekulan kanbiatzen ezten Jainkoa. Iraganpena eta geroa dauzka beti oraiean. Gaztetasunik, zahartziarik ez; bakarrik oraiean beti Jainko, "ni naiz nizana".
"Zeru -lurrak suntsituko dira;
Zuk, berriz, diraukezu.
Oro arropa bat bezala higatuko dira,
Jauntzi bat bezala aldatzen dituzu,
Zu, ordea, beti bat zira,
eta zure urteek azkenik ez dute"
(Er. 102, 27-27)
Abraham hautatuz eta deituz, Jainkoak gizaki berri bat du sorarazten, mundu beri batean egiteko. Abraham: giza gaizo bat? Ez. Bainan adinetako gizon sendo bat, zangoak lurra daiola, arima fedea daiola. Gizon zintzo garbia, Jainkoak hautetsia bere gizaki berriaren lehen gizon. Salbamenduaren azia Jainkoak erein du Abraham'en bihotzean, hor aurkitu beitu giza-lur gizen aberatsa. Orduan Jainkoa sartu da gizakentearen bihotzean. Orduan Jainkoak hasi du gizakentearen erreberritzea. Abraham: Kananea'ko bidexketan herrestan zoan gizon zahar kankail, bizar luzedun bat? Ez. Bainan adinetak gizon sendo bat, gizaki berri baten buruzagi, Jainkoak erakutsitako bideetan erne eta zalu zoana: indarrez bere bi zangoak lur idorrean berme, fedeaz bere arima Jainko amodiozkoan berme. Abraham: lurtiarren seme! Abraham: sinesdunen Aita! Israel, Jainkoaren gizaki berezia, bere pedagogiaren arabera altxatuko duena, argiz eta dohainez beteko, lagunduko aspaldinotik hitzeman zion Lur Sainduraino.
Barnetik aztertuz liburu baitezpadako hori (Bibloa), laster ohartzen gira, goizetan argia emeki-emeki agertzen den bezala, Jainkoak berak dauzkigula kundatzen gizakentearen argitzeko eta salbatzeko ibili lanak. Jainkoa bera dela erraiten gertakarien medioz bere gizakiari, hunen adimendua jatzar arau. Hobekiago ulertzen dugu zer gisaz Jainkoa sartu izan den gizakentearen edestian, nola mintzatu gizonari, bere Izaitea salatuz eta gizonaren izaitea argituz, zituen errangureri eta bere baitan sortu kestione suerte guzieri egiten zuela ihardespen, ber denboran itxaropena emaiten. Hobekiago aditzen dukegu ere, zonbet den Jainkoa bekaizti bezala bere Jainkotasunaz eta nolaz ez dezaken nihundik onart gizonak hauta dezan Hartaz besterik:
"Ni naiz Jaube, zure Jainkoa
Egipto'ko leihorretik, morroi etxetik, atera zaitudana.
Ene aintzinean ez onart beste Jainkorik,
Ez lant iduripenik goiko ortzian, behereko lurrean edo lur sakonetako uretan daiteken edozeren antzez.
Holako iduripenen aintzinean ez eman ahuspe
Etzazkitzuela xerbitxa
Ezen Ni bainaiz Jaube zure Jainkoa..."
(Itzaldiak, 5, 6-9)
"Ni lehena eta azkena naiz,
Nitaz besterik ezta Jainkorik"
(Isai, 44,6)
Jaube, Jainko amodiozkoa Zuri gizakente osoa oihuka, besoak luze-luzean, eskuak zabal. Gizakentea, erautsean herrestan, ezin xutituz, zorion bila. Gizakentea, bekatuaren ilunpeetarik ezin jalgiz, indarka bizia agerian daukan argiari buruz. Jaube, Jainko Kreatzailea etzira elkor izan gizonaren deiari. Itzuli zira gizakentearen erpegiaren azagutzeko. Ondotik hobekiago behatzeko, hurrandu zira gutarterat. Eta zure mintzoa hautemana izan da bihotzetan, itxaropena sortu baita orduan gizakente osoaren bihotzean. Zure uratsa gizaki xume batek ezagutu du bere bizi leku erremuetan eta aditu BERRI ONAREN lehen aleak. Zure eskuak lan berri bati hasi dira, giza-lur dorpean hasi baitira iraulden, Salbamenduaren hazi onaren ereiteko. Nork aipa zure obra miresgarriak? Jainko boteretsua giza-lur idorrean amodioz hasi zira lanean, gizakente berri baten sorarazteko, eta gizakentearen bihotza itxaropen berri batek hartu du, biziaren bila gizon guziak oldartzen dituen itxaropen gozoak.
(aintzina jarraitzeko)