EUZKO-GOGOA
Elgar 1958ko urtarrila
Duela zonbeit aste atseginekin errezebitu izan dugu Orrila-Garagarrilako Euzko-Gogoa. Usaian bezala beti heldu zauku artikulu mamitsu batzuez beterik. Kultura sailean lan gaitza eta sakona deramate Euzko-Gogoa'ko lankideek. Onhar ditzatela gure goresmen bizienak; berezikiago ZAITEGI Jaun Zuzendariak onhar ditzala gure sustamendu hoberenak eta hartsuenak, etsitu gabe jarraik dezala hasi sail berean, segur izanez egun batez, beharba luze gabe, sail hortan emplegatu indarrek emanen dutela beren fruitua. Agian ba! Nork dezake chuchen erran zer lan ederra deraman Euzko-Gogoa'k mundu guzian barreaturik bizi diren Eskualdunen artean? Aladere, gogoak behar du hazi berari doakon hazkurriaz, eskual gogoa eskual hazkuraz lurraren gainean agertu edo agertzen diren gizakien gogoak dakarzkan baliotasunez eta indarrez aberasturik. Ez da dudarik. Hortakotz da duela zazpi-zortzi urte sortu Euzko Gogoa, Eskual-Herritik kanpo. Eskual norbaitasun bereziaren zaintzeko, ber denboran edertzeko eta osotzeko. Lan gaitza beraz. Eskualdun guziek behar ginduke ihardetsi indar horri; denek zerbait egin Euzko-Gogoa'k sorarazi oldarrari jarraikitzeko. Goazen, denak bat, elgar haziz, elgar maitatuz... Jainkoak guretzat amodioz nahi izan duen izaite ederrean.
Irakurlea, azkenik agertu Euzko-Gogoa'n aurkituko duzu ikaskuntza suerte guzietarik: ala olerki: Iratzeder, Otsalar, Udaloizpe, Iñurrieta'tar Engratzi...; ala ipuin: Azkoiti'k "Milla ta bat gauetako ipuiak"...; ala filosofia: Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin "Aiatz" (Sopokel)...; ala berrikitan argitaratu eskuarazko idaztien aipamen, iritzi edo kritiku...; bertze zernahi berri on eta chehetasun... Behar duzu beraz leitu Euzko-Gogoa eta leitarazi zure adichkideri, zure ahaideri, ezagutzen dituzun eskualdun guzieri... Haatik behar da jakitate pochi bat agerkari bikain hortan emanak diren artikulu sabanten konprenitzeko eta ere doi bat usatua izan mendiz bertzaldeko eskuararen dialektoekin. Hatsarrean usaiarik ez delarik frango bortitz aurkitzen dugu; egia erraiteko ber gauza aurkitzen da nungo nahitako hizkuntzetan eta ez du jende cheheak jakintsunen mintzatzeko moldea, aperentziarik ere! Bainan onhartzen balin badugu indar pochi baten egitea, eskuara maite dugulakotz eta nahi dugulakotz gure eskuara hobekiago ezagutu, ez bakarrik achaletik bainan barnetik, laster halako atsegin gozo batek betatzen dauku bihotza, ezen eskuara barnetik ikertuz, hobekiago senditzen bezala beitugu haren gozoa, hobekiago jastatzen eskuararen ederra, eskuararen bizia. Irakurlea zuhaurek esprea zazu.
F.A.E.E.